EUSKARA
Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena berritu dute
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Antzinako testu juridikoen erakusketa, izaera lexikografikoko euskarazko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioaren hobekuntza eta mendeurrenaren ekitaldietan parte hartzea aurreikusten da.
Nafarroako Parlamentuak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dute, gaur, "euskara babestea eta indartzea helburu". Ainhoa Aznarez foru ganberako presidenteak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak izenpetu dute akordioa.
Sinatzaileek zehaztu dutenez, hitzarmen honen xedeak atal desberdinak ditu. "Alde batetik, antzinako euskarazko testu juridikoen erakusketa bat egiteko helburua du; baita izaera lexikografikoko euskarazko Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa hobetzekoa ere. Bestalde, Euskaltzaindiaren mendeurrena dela eta, 2018ko eta 2019ko udazkenean antolatuko diren ekitaldi eta jardunaldiak elkarbanatzea aurreikusten da. Proiektu hauetan guztietan euskararen lurraldetako elkarte, unibertsitate eta erakundeek parte hartu ahal izango dute", zehaztu dute.
Bi erakundeen iritziz, "interesgarria litzateke antzinako euskarazko testu juridikoen erakusketa antolatzea, behar diren azalpenekin lagunduta, egun lurralde euskalduneko instituzioetan zehar sakabanatuta baitaude".
Era berean, Euskaltzaindiak eta Nafarroako Parlamentuak uste dute garrantzitsua dela "Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa bateratu eta hobetzeko ahalegina egitea, hiztegi honen proiektuan landutako esperientzia baliatuz".
Helburu horrekin, Nafarroako Parlamentuak bere testu juridikoen dokumentu funtseko testuak Euskaltzaindiaren esku jartzeko konpromisoa hartu du, testuok Parlamentuko terminologian eta lexikoan duten balioa aintzat hartuta.
Aznarezen hitzetan, Euskaltzaindiarekin sinatutako hitzarmenak "Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunari men egiten dio, hizkuntza aniztasuna errespetatzeko bete beharra ezartzen baitie herrialde kide guztiei".
Urrutiak, bere aldetik, hitzarmena berritzeak duen garrantzia azpimarratu du, "2015ean sinatutako hitzarmenak emandako fruituari, Hiztegi Juridiko-Parlamentarioari, alegia, jarraipena ematea ezinbestekoa baita". Urrutiak adierazi du hitzarmen hau "etorkizunera proiektatu" nahi duela euskararen akademiak, mendeurrenaren eskutik.