Itxi

Oporretako planak

Kultura, gastronomia, prozesioak... Zer egin Euskal Herrian Aste Santu honetan?

Uxue Martin | eitb.eus

Leer en Castellano

Euskal lurraldeetan zehar jaiak igarotzeko plan desberdinen gida.

Gaztelugatxeko Donianeko irudia. Argazkia: Luis Ajuriaguerra.

Aste Santua ez da bakarrik erlijio eta prozesio kontua. Horregatik, euskal hiriburuek eta herriek egun horiek aprobetxatu dituzte arteaz, gastronomiaz eta turismoaz osatutako aukera zabala eskaintzeko, tradizioa ahaztu gabe.

Bizkaia

Bilbok jardueraz betetako agenda eskaintzen du: erakusketak, kirolak, gastronomia… Jaietako indargunea Basque Fest izango da, euskal kultura eta abangoardiaren jaialdia. Euskal artean murgilduko du hiria martxoaren 28tik apirilaren 1era arte, 200 jarduera baino gehiagorekin, gastronomian, musikan, dantzan... oinarrituta. Jaialdia hasteko, Manez eta Kobreak taldearen kontzertua izango da martxoaren 28an, Azkuna Zentroan. Kontzertuen harira, Kepa Junkerak "FOK" disko berria aurkeztuko du martxoaren 30ean, Ruper Ordorikak Azkuna Zentroan emango du emanaldia martxoaren 31an eta Xabi Solanok Plaza Barrian martxoaren 29an. Festaz gozatzeko Metro Bilbaok zerbitzu berezia eskainiko du Aste Santuko egunetan.

Museozaleentzat, Bilboko Arte Ederretako Museoak eta Guggenheim Museoak prest dituzte erakusketak gustu guztientzat asetzeko. Arte garaikidea gustuko dutenentzat, “Henri Michaux. Beste aldea” izango da ikusgau Guggenheimen. Fondo beltzaren gaineko olio-pinturek, akuarelek, tenperek… mapa infinitua sortzen dute bisitariaren begietan. Arte plastikoak nahiago dituztenek, Esther Ferreren lana izango dute aukera.

Arte klasikoa atsegin dutenek Francisco de Goya y Lucientesen obrak ikusteko aukera izango dute Bilboko Arte Ederren Museoan. Horrela, artistaren obrak ezagutuko dituzte Carlos III.a eta Carlos IV.a erregeen gortean egon zenean, eta garai hartan lagunei idazten zizkien gutunak.

Bilboko Aste Santuan kirolak ere izango du lekua, Bilbao Downhill International Cup probarekin, martxoaren 30a apirilaren 1a bitartean. Arraiz mendian abiatuko da, Legina baserriko landetatik behera egingo du eta Errekalde plazan bukatuko da.

Urtero legez, aurten ere prozesioak ez dira faltako Bizkaiko hiriburuko kaleetan: 10 egunetan, hiria zeharkatuko dute. Lehenengoak 23an aterako dira. Informazio gehiago, Turismo Bilbao webgunean.

Aste Santua udaberrian izaten denez, sasoi honetan ezinbestekoak izaten dira Gaztelugatxeko Doniane inguruetan paseoak egitea, Oma Basoa bisitatzea ondoren eta Balmasedako Pasio Biziduna eta Prozesioak ikustera joatea gero, bertako bizilagunek Gurutze-bide Bizidunaz egiten duten antzezpenaz gozatzeko.

Gipuzkoa

Donostian, Balenciaga museoak ateak irekiko ditu berriro, hiru hilabete itxita egon ostean, “Cristóbal Balenciaga. Moda eta Ondarea” erakusketarekin. Diseinatzailearen jantziak kaleetan soinean eramatetik artxibo-eduki museoetan gordetzeko gai bihurtu arte izan duten ibilbidea ikus daiteke bertan.

Tabakalerak ere jarduera interesgarriak proposatu ditu Aste Santurako: artea, zinema, tailerrak… Itziar Okarizen “I never said umbrella” erakusketa nabarmena da artistaren iraganeko obrak eta berrienak aurkezten dira, espazioarekin jokatzen dutenak.

Donostiara joanez gero, ezin bertatik alde egin hiriko tabernetan pintxoak jan gabe. Eskaintza zabalean ez galtzeko, turismo bulegoak Gida Gastronomikoa egin du.

Gainera, udaberria aprobetxatuz, ezinbesteko plan gehiago daude: izozkia eskuetan hartu, eta Kontxako badiatik paseoa, baranda ezagunenean oroigarri gisa argazkia, Zurriola hondartzaren eta Haizearen orrazia obra ezagunaren artean zazpi kilometroko ibilaldia, hiriko parkeetako naturan zehar txangoak, askotariko denda eta saltokietan erosketak eta abar.

Gainera, txotx denboraldia da, urte-sasoiko erritual gastronomiko garrantzitsuenetakoa, hasita dagoenez, Donostia bisitatu ostean, sagardoa, bakailaoa eta txuletoia dastatzeko ordua da, besteak beste, Hernani, Astigarraga eta Usurbilgo sagardotegietan.

Zarautz ere gune turistiko garrantzitsua da Aste Santuan, martxoaren 31etik apirilaren 5era, XIII. Garagardo Azokarekin. Kontzertuak egongo dira gauero; Unsain Anaiak eta Drindots taldeena, besteak beste.

Prozesioen tradizioa bizirik dago oraindik Gipuzkoako herri batzuetan; besteak beste, Hondarribian Ostiral Santuan eta Berpizkunde igandean, Seguran Ostegun eta Ostiral Santuan, Azkoitian Ostiral Santuan, eta Pasai Donibanen Ostiral Santuan. Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendariaren arabera, Donibaneko “eskultura-pausoak” lurraldeko prozesio onenen artean dago.

Legazpi ere gidan sartu behar da, aurten bere prozesio tradizionala berreskuratu baitu. Gipuzkoarekin amaitzeko, Irunek prestatu duen erakusketa gomendatzen dizuegu, Junkaleko Andre Mariaren prozesioaren pauso guztiak ikus ahal izateko. Ostiral Santura arte egongo da publikora zabalik.

Araba

Arteak eta artisautzak Gasteiz hartuko dute Aste Santu honetan. Batetik, Lan Berri Udaberriko II. Artisautza Azoka izango martxoaren 24tik apirilaren 2ra, artisau produktuekin eta sukaldaritza, bitxigintza eta dantza tailerrekin. Eta, bestetik, Artium museoak “Zentzumen guztiekin” tailerra eta “ARTres. Museo bat nolakoa izan behar den” erakusketa eskainiko ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiriburuan, Erdi Aroko Hiriguneak merezi du ezagutzea, eta Santa Maria katedralean bisita gidatuak dauden, Harresia, eta ibilbide literarioak bertan izaten dituzten aukeretako batzuk baino ez dira.

Nerea Melgosa Gasteizko Turismo Zinegotziaren arabera, bi jarduera berri nabarmendu behar dira Aste Santu honetan: Andre Maria Zuriaren kofradiak antolatutako gaueko bisitak Erdi Aroko Hirigunean zehar martxoaren 29a 31a bitartean; eta ibilbide bereziak hiriko landaredia eta fauna familian ezagutzeko.

Hiriburuaren beste indargune bat gastronomia izango da. Izan ere, martxoaren 23a apirilaren 8a bitartean Autore Mokaduak kanpainaren hirugarren edizioa egingo da Gasteiz On merkataritza elkartearen eskutik.

Ardoa eta gastronomia bat egiten dute lurralde honetan. Enogastronomiaz gozatzeko, Gasteizko Udalak gida osatua eskaintzen du, hiriburuan bertan eta Arabako lurralde osoan dagoen aukera zabalaren berri emateko. Arabako Errioxako upeltegiak ezagutzeko sasoi ona ere bada.

Jaiegun hauetan prozesioak izango dira nagusi, batez ere Guardian eta Arabako hiriburuan. Ostegun eta Ostiral Santuetan, Gasteizen, 300 bat nazareno batuko dira lau mende baino gehiago dituzten Isiltasunaren eta Jaunaren Hilobiratzearen prozesioetan. Guardian, aldiz, Iltze ateratzea deritzon prozesioa nabarmen daiteke, Ostiral Santuan.

Nafarroa

Iruñean ezinbestekoa da Alde Zaharra ikustera joatea. Gainera, Ostiral Santuko arrats-gauean Ehorzketa Santuaren prozesioa egingo dute bertan. Tuterako prozesioak, berriz, Nafarroako garrantzitsuenetakoak dira Larunbat Santuan eta Berpizkunde igandean. Kultura alorrean, Aste Santuan bisita gidatuak ere nabarmendu behar dira; Lizarrako tren turistikoa eta Erriberriko bisita antzeztuak, esaterako.

Ipar Euskal Herria

Aste Santurako beste aukera bat Ipar Euskal Herria bisitatzea da. Baionako Aste Santua ez da ulertzen txokolaterik gabe, eta Txokolate Tailerra aukera ona da Pazko Arrautzak dastatzeko. Halaber, Baionako jaki sonatuena jan ahalko da Baionako Xingar Ferian, martxoaren 29a apirilaren 1a bitartean. Amaitzeko, denboran atzera egiteko aukera ezin hobea izan daiteke Donibane Garazin eta Maulen bertako alde zaharrak eta gazteluak bisitatzea.