Gertakaria
Patinete baten gidariak istripua izan eta positibo eman du hiru drogatan, Gasteizen
Agentziak | Erredakzioa
29 urteko gazteak positibo eman zuen anfetaminan, kokainan eta kalamuan, semaforo gorri bat igaro eta auto baten kontra talka egin ondoren.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Patinete elektriko batean zihoan 29 urteko gizonezko batek positibo eman du anfetaminan, kokainan eta kalamuan, Gasteizen semaforo gorri bat igaro eta auto baten kontra talka egin ondoren egin dioten kontrolean.
Gasteizko Udalak astearte honetan jakinarazi duenez, gertakaria joan den igandean jazo zen.
Auto batek eta patinete elektriko batek elkarren artean talka egin zuten Gasteiz etorbidea eta Diaz de Olano Pintorea kalea gurutzatzen diren tokian.
Dirudienez, patinetea zeraman gizonak bidegorria zeharkatu zuen semaforoa gorri zegoenean, eta auto baten albo baten kontra talka egin zuen.
Patinetearen gidariak sorbaldan min hartu zuen eta Txagorritxu ospitalera eraman zuten. Bertan alkoholemia proba egin zioten eta negatibo eman zuen.
Halaber, substantzia estupefazienteak antzemateko probak egiteko eskatu zioten eta positibo eman zuen anfetaminan, kokainan eta kalamuan. Hori dela eta, administrazio bidezko salaketa jaso zuen.