Urteurrena
Iñigo Cabacas gogoratu dute, haren heriotzaren seigarren urteurrenean
Agentziak | Erredakzioa
Gomazko pilota batek buruan jo zuen kalean antolatu dute Cabacas gogoratzeko ekitaldia, eta lagun baten gutuna irakurri dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Iñigo Cabacasen senitarteko eta lagun ugari bildu dira gaur goizean Bilbon. Orain dela sei urte hil zen Athleticeko zale basauritarra, Europa Leagueko partida baten ostean gomazko pilota baten kolpearen ondorioz. Hala, omenaldia egin diote, gaztearen heriotzaren seigarren urteurrenean.
Gomazko pilota batek buruan jo zuen kalean antolatu dute Cabacas gogoratzeko ekitaldia, eta lagun baten gutuna irakurri dute.
Manuel Cabacasek, Iñigoren aitak, hitz egin du ekitaldian. "Sei urte daramatzagu Iñigo gogoratzeko bizitzen, eta haren heriotzagatik justizia egin dadin borrokan, zigorrik gabe ez geratzeko", adierazi du.
"Auzipetuen eserlekuan ez dira zure heriotzaren arduradun guztiak egongo", salatu du Cabacasen aitak. Epaiketa urriaren 15ean hasiko da.
"Kasuaren instrukzioaren bidean gau hartan tiro egin izana onartu zuten hainbat agente geratu dira", gogoratu du, "baita egun hartako jarduera gidatu zuten Ertzaintzaren arduradunak ere, aginduak eman zituztenak eta Iñigoren heriotza doan izan zedin lagundu zutenak".
Urriko epaiketak "Iñigori, haren amari, niri, familiari eta lagunei justizia egiteko" balio dezala eskatu du Manuel Cabacasek.
Azkenik, "kale honetan gertatu zena epaileek esaten dutenarekin bat ez badator ere, familiak onarpen judiziala" behar duela nabarmendu du, "nahiz eta Iñigo ez bueltatu, haren heriotza hain mingarria ez izateko".