Eskola Jazarpena
Hego Euskal Herrian ikasleen ia % 20k jasan dute eskola jazarpena
Euskadi Irratia
Save The Childrenen esanetan, arazo honi irtenbidea eman nahi baldin bazaio, ezinbestekoa da eskola jazarpenari aurre egiteko lege bat onartzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Ikasleen % 9,3k eskola jazarpena jasaten du sistematikoki, eta ia % 7k ziber-erasoa. Espainiako Save The Children gobernuz kanpoko erakundeak eman du datua, Eskola Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Eguna dela baliatuz.
Era berean, Save The Childrenek ohartarazi du ikastetxeek bakarrik ez, erakundeek ere parte hartu behar dutela konponbidearen bilaketan eta, beraz, erantzunak eman behar dizkiotela arazo honi.
'Nik honetan ez dut jolastu nahi' leloa hartuta dator aurten Eskola Jazarpenaren aurkako Mundu Eguna.
Gurera ere ekartzeko modukoak dira Save The Childrenek emandako datuak. Hego Euskal Herrian, Lehen Hezkuntzan, ikasleen ia % 20k pairatu dute eraso egoeraren bat, eta % 10 inguruk sistematikoki jasaten dute jazarpena.
Save The Childrenen esanetan, azken urteotan aurrerapauso handiak izan dira, baina ikastetxeak indarkeriarik gabeko gune izango badira, erakundeak gehiago inplikatu behar direla eta alderdi politikoek eskola jazarpenaren kontrako lege eraginkor bat adostu beharko luketela iritzi dio.
Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan 'Zeuk esan' telefonoa (116111) dago martxan, jazarpen susmo bat izanez gero, salaketa egin ahal izateko.