Indarkeria matxista
Epaileak kartzelatu egin du Kote Cabezudo argazkilari donostiarra
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez zortzi modelori sexu abusuak egitea egozten diote Cabezudori, beste hainbat delituren artean.
Donostiako 3. Instrukzio Epaitegiko epaileak kartzelatu egin du Kote Cabezudo argazkilari donostiarra, gutxienez zortzi modelori sexu abusuak egitea egotzita, beste hainbat delituren artean.
Akusazio partikularrak 10 aldiz eskatu izan du Cabezudo kartzelatzea, eta eskari guztiak errefusatu egin ditu Epaitegiak, baina oraingoan Fiskaltzak bat egin du eskaerarekin.
Horrela, epaileak onartu egin ditu Mario Diez abokatuaren argudioak, akusatua “delituak errepikatzen” ari dela azaldu baitzuen. Zortzi biktima defendatzen ditu abokatu horrek, eta hurrengo astean beste zortzi emakumeren salaketak aurkeztuko dituela aurreratu du.
Ikerketa Ana Isabel Perez Asenjo instrukzio-epailea egiten ari zen, baina duela gutxi beste epaile baten esku utzi zuen auzia, EAEko Auzitegi Nagusiak haren aurkako kereila bat onartu eta gero. Hain zuzen ere, biktimen defentsak aurkeztu zuen salaketa, akusatuak biktimen argazkiak Internetetik kendu ote zituen ez egiaztatzeagatik.
2013an hasi zen ikerketa
Donostiako epaitegiak 2013an abiatu zuen argazkilariaren aurkako ikerketa, besteak beste bortxaketak, sexu abusuak, iruzurrak eta mehatxuak egitea egotzita. Orain arte, bederatzi emakume pertsonatu dira auzian, eta horietako bi adingabeak ziren abusuak pairatu zituztenean.
EAEko Auzitegi Nagusiak nabarmendu du ikertzen ari direna ez dela "haur pornografia sare bat", eta gogorarazi du orain arte hainbat ikerketa eta izapide egin dituztela auzian.
Horren ildotik, zehaztu du akusatuak bederatzi aldiz deklaratu duela dagoeneko, eta 21 lekuko, 11 biktima eta bi aditu galdekatu dituztela.
Fiskaltzak Cabezudoren ustezko haur pornografia materiala Internetetik kentzea eskatu du.