Igande honetatik
IAT berria indarrean sartu da
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Araudi berriari esker, gidariek estazio berria aukeratu ahal izango dute autoaren bigarren azterketa teknikoa egiteko, lehenengoan kontrako emaitza jaso ostean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Datozen urteetarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoa (IAT) arautuko duen Errege-Dekretu berria indarrean sartu da igande honetan Espainiar Estatuan. Araudi berriari esker, gidariek estazio berria aukeratu ahal izango dute bigarren azterketa egiteko, lehenengoan kontrako emaitza jaso ostean.
Bigarren bisita horretan, arauari jarraituta, antzemandako akatsak zuzendu ote diren bakarrik ikusiko du estazio horrek. Horrela, operadoreen arteko inpartzialtasuna bermatzen da, eta IATko estazio guztiei eskatzen zaie A motako azterketak egiteko ziurtagiria izatea.
Bestalde, ibilgailu-diagnostiko sistema irakurtzeko tresnak erabaliko dituzte estazioek. 2018an isurpenak kontrolatzen hasiko dira, eta ibilgailuaren gainerako elementuei dagokienez (hala nola, galga ez blokeatzeko sistema, egonkortasunaren kontrolak, aire-poltsak, eta segurtasun-uhalak), IAT-estazioek erabakiko dute noiz eta nola egin horien azterketa.
Gainera, ikuskarien formakuntza-prozedurak indartuko dituzte, hiru urtean behin formakuntzaren gaurkotzea jasoko dute, eta online bidezko heziketa profesionala sustatuko dute. Ikuskari-hautagaiak automozio goi-teknikariak, edo horren baliokide, izan beharko dira.
Araudi berriak eskainiko du ere IAT egiteko aukera iraungitze-data baino hilabete lehenago. Gainera, Europar Batasuneko beste herrialde batean egindako IAT onartuko da Espainiar Estatuan, ibilgailu horren matrikulazioa eskatzean.