Istripua
Bilboko San Mameseko sarbidea itxi dute, kamioi batek su hartu ondoren
eitb.eus
Ibilgailuak istripua izan du, irauli eta bidean gurutzatuta geratu da, eta su hartu du. Errepidea erabat itxita egon da sei orduz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Paper bobinak zeramatzan kamioi batek istripua izan du gaur eguerdian Bilboko San Mameseko sarbidean, eta, irauli ostean, su hartu du. Ezbeharraren ondorioz, errepidea guztiz itxi behar izan dute. 19:00ak aldera irteera erreiak zabaldu dituzte.
Istripua 12:40 aldera jazo da, San Mameseko sarbidean, EiTBren egoitza parean. Ibilgailua Bizkaiko hiriburuan sartzen ari zen, eta argitu gabeko arrazoiak tarteko, irauli eta errepidean gurutzatuta geratu da. Kolpearen ondorioz, erregaia galdu du, eta, handik gutxira, su hartu du. Leherketa bat ere izan da.
Hala hazi da....Sua amatuta dago pic.twitter.com/3gzDmgPA7I
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) 29 de mayo de 2018
Suhiltzaileek amatatu dute sua, 20 minuturen buruan.
Zorionez ... pic.twitter.com/u2aFGI85OJ
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) 29 de mayo de 2018
Zorionez, gidaria ibilgailuko leihotik atera ahal izan dute larrialdi zerbitzuetako langileek eta hainbat herritarrek. Arin zauritu da, eta lekuan bertan artatu dute.
Errepidea bi noranzkoetan sei orduz itxita egon da, eta ilarak luzeak sortu dira A-8an, Galdakaora zein Barakaldora bidean.
Errepide ITXITA #A8 Km 119 #Bilbo-n Kantabriako norantzan eta San Mameseko sarbideetan bi norantzetan kamioi batek sua hartu du. Larrialdietako zerbitzuak lekuan #Autopilaketak #Sua #Trafikoa https://t.co/xAnGT3wGbw
— Trafiko Zuzendaritza (@trafikoaEJGV) 29 de mayo de 2018
Bilboko Udalak eta Trafiko Zuzendaritzak hiriburutik ateratzeko eta bertara sartzeko beste bide batzuk erabiltzea gomendatu dute.