Unibertsitate-ospitalea
Gasteizko kanpo-kontsultetarako eraikin berria aurkeztu dute
Erredakzioa
Genetika eta kirurgia plastikoa hartuko du eraikin berriak, eta Santiago eta Txagorritxu ospitaleen kanpo-kontsultetan eskaintzen diren zerbitzuen batuketa bera baino gehiago izango da.
Kanpo-kontsulten eraikina etorkizuneko Arabako Unibertsitate Ospitalearen lehenengo adierazpen fisikoa eta funtzionala izango da eta 2013. urtetik aurrera abian egongo da. Genetika eta kirurgia plastikoa bezalako espezialitateak hartuko ditu.
Eraikin berriak paziente, senide edota zaindarien eguneroko joan-etorri gehienak jaso beharko ditu; baina egungo Santiagoko zati bat desagertuko da eta gelditzen dena gaixo kronikoak artatzeko izango da.
Osakidetzak lau eraikin egingo ditu Txagorritxu ondoan: kanpo-kontsultetarako bat, zerbitzu zentraletarako beste bat, ama-haurrentzako zentro bat eta BioAraba osasun-ikerketarako instituturako beste bat.
130 milioi euroko aurrekontua dute eraikin berria egiteko. Arabako osasun antolaketa berri hori joan den martxoan adostu zuten Eusko Jaurlaritzak, PSEk eta PPk, eta gaur, Rafael Bengoa Osasun sailburuak lehen fasea aurkeztu du.
Sortuko duten lehen eraikina kanpo-kontsultena izango da, eta Txagorritxuko eta Santiagoko osasun zerbitzuak batuko ditu; izan ere, paziente bakoitzak bere beharrizan guztiak (kontsulta, probak, izapideak, hitzorduak...) solairu bakarrean konpontzea nahi da.
Kalkuluen arabera, urteko 446.000 zita mediko inguru egitea espero da, eguneko 1.800 kontsulta inguru. Jende kopurua 3.500-4.000 lagunekoa izango litzateke, kontsulta arloko profesionalak zenbatu gabe.
Eraikin berria, AUOren ondoko partzelan kokatuko da, Euskal Herria Bulebarra eta Francisco Leandro de Viana kalearen artean.
Asistentziarako guztira egongo den azalera 16.380 m2-koa izango da (zerbitzua etorkizunean hedatzera bideratutako eremuak izan ezik).
Kanpo-kontsultetarako eraikin berriaren kokapen berriagatik, gainerako eraikinekin lotzeko bide espezifikoa edukitzea ezinbestekoa da. Horren bitartez, pazienteak asistentziarako beste eremuetara bizkor eta eraginkortasunez eramateko eta profesionalak mugitzeko aukera dago. AUOren eraikuntza amaitutakoan, lotura lurpeko tunel batez egingo da.
Oro har, lanegunetan funtzionatuko du, arratsaldeko jarduera gero eta nabariagoa izango delarik.