Zaborra
Zubietako erraustegia eraikitzeko lanen erdia baino gehiago bukatu dituzte
Agentziak | Erredakzioa
Lanak datorren urteko uda hasieran amaituko dituzte, eta probaldi baten ondoren, 2019ko udazkenean martxan jarriko dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zubietako erraustegia eta TMB lantegia eraikitzeko obren % 50 baino gehiago bukatu dituzte dagoeneko. Ondorioz, aurreikuspenak beteko dira, eta lanak datorren urteko uda hasieran guztiz amaituko dituzte, eta probaldi baten ondoren, 2019ko udazkenean martxan jarriko dute.
'Gipuzkoako Ingurumen Gune'ko lehen fasearen bi azpiegituretako eraikinak ia amaiturik daude. Gainerako industria-ekipamenduak eta labeak jartzen hasi dira. Markel Olano Gipuzkoa ahaldun nagusiak adierazi duenez, “epeak betetzen ari dira”.
Lanen bilakaeraren berri eman dute Olanok eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak. Denis Itxaso ahaldun nagusiaren ondokoarekin eta eraikuntzarekin lotutako zuzendari eta teknikari ugarirekin batera, obrak bisitatu dituzte agintariek.
TMB lantegia ia guztiz eraiki dutela zehaztu du Cesar Gimeno Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako (GHK) zuzendari nagusiak. Horrela, zaborra bereizketa ekipoetara eramateko 1.300 metro uhal garraiatzaile prest daude, azaldu duenez, zaborrarekin nahasirik heltzen diren hondakin birziklagarriak berreskuratzeko.
Toki horretatik, hondakinak lehortze zona batera eramango dituzte, bertan pisua eta bolumena murrizteko eta errausketa eraginkorragoa izateko. Zona hori ere ia bukaturik dago.
Erdiko gune zabalean emakidadunarentzako eta GHKren bulegoak eraikiko dituzte, igogailu eta eskaileren dorreetan.
Erraustegiaren egiturek osatzen dute esparrua. Bertan bi labe eta haien lerroak jarriko dituzte, baita zaborrak erretzeko “parrila erraldoiak” ere, Gimenok azaldu duenez.
Alboan zabor-fardelak pilatzeko plataforma bat kamioiek zama deskargatzeko zulo handi bat eta energia sortzeko turbinak mugituko dituen ur-lurrunarentzako zirkuitua izango dira. Guztiak eraikitzeko lanean ari dira.
Gimenoren hitzetan, hilabete batean, gasen arazketarako sistema muntatzen hasiko dira; tximiniak bertan dituzte jadanik, baina argindarra sortzeko turbina Alemanian egiten ari dira.
Olanoren ahotan, Zubieta “Europako gune aurreratuenetariko” bat izango da, eta erraustegiak “gasen arazketarako teknologiarik onena” izango du. Horrela, isuriak “Europako araudiak ezarritako mugen oso azpitik izango dira”, gaineratu duenez.
Konkretuki, dioxina isuria baimendutakoen herena izango da, Olanok nabarmendu duenez. Zubietako azpiegitura energia berriztagarrien iturri nagusia izango da Gipuzkoan, Asensiok erantsi duenez.