Migrazioa
Aquarius itsasontzia bihar eguerdian helduko da Valentziara
Agentziak | Erredakzioa
Itsasotik erreskatatutako ia 630 migratzaileak SOS Mediterraneo GKEaren ontzian eta Italiako Marinaren beste bi itsasontzietan helduko dira. EAEk % 10 hartuko du.
Aquarius eta lagun dituen Italiako Marinaren bi itsasontziak, guztira Mediterraneo itsasotik erreskatatutako 629 migratzailerekin, igande eguerdian helduko dira Valentziako portura, Espainiako Mugarik Gabeko Medikuak erakundearen presidente David Noguerak esan duenez.
Italiak eta Maltak ezetz esan ostean, hiru ontziak Mallorcako uretatik pasa dira larunbat goizean. MSFren arabera, ontzian dauden pertsonak "egonkor daude", baina "hain bidaia luze eta gogor batek ez du laguntzen".
Zeharkaldia "luzeegia" izan da. GKEaren lehenengo aukera beti izan da "gertuen dagoen portuan lehorreratzea". Gainera, baldintza meteorologikoek "ez dute lagundu", eta "zorabialdi eta okada asko" eragin dituzte.
Bidaiaz gain, estres altuko baldintzak jasaten dituzte erreskatatukoek, "oso esperientzia traumatikoak" bizi izan dituztelako, uretan zein aurreko hilabeteetan. Ontzian talde ahuletako jendea dago, hala nola, umeak, haurdun dauden emakumeak eta bigarren mailako erredurak izan dituztenak.
Erreskate taldea “oso trebatuta” dago behar bezala zaintzeko, baina Noguerak azpimarratu duenez, “berebiziko garrantzia” dauka portu “seguru” batera ekartzea, “modu duinean hartuta eta tratatuta izan daitezen eta eskubide guztiak izan ditzaten”.
Valentziara heltzean, autoritateen eta Gurutzeko Gorriaren esku geratuko dira. 70-80 bat pertsonak osasun-arreta eskainiko diete.
400 interprete eta 200-300 boluntario ere lagun izango dituzte migratzaileek.
EAEk % 10 hartuko du
Euskadin, hiritar eta "udal asko" migratzaileak hartzeko eta laguntzeko prest agertu dira, Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen Bulegoko zuzendariak, Monica Hernandok, Radio Euskadin esan duenez.
Jaurlaritza migratzaileen % 10 hartzeko prest agertu da, hau da, 60-70 pertsona. Esan duenez, ez dira etxebizitza pribatuak erabiliko.
Migratzaileen etorrera koordinatzeko, instituzioekin eta GKEekin harremanetan dago Jaurlaritza. Oraindik ez dakite “batera” ala mailaka helduko diren, baina lehenengo egunetan Valentzian izango dira, premiazko laguntza jasotzen duten bigartean.
Macronek ateak ireki dizkie Frantziara joan nahi duten migratzaileei
Frantziar Estatuak ere migratzaileak hartuko ditu, Espainiako Gobernuaren presidenteorde Carmen Calvok iragarri duenez, Frantziak Madrilen duen enbaxadorearekin hitz egin eta gero.
Horrela, Parisek Valentziara helduko diren eta, “behin harrera prozesuak ezartzen dituen protokolo guztiak beteta”, Frantziara joateko asmoa adierazten dutenen migratzaileak onartuko ditu.
Pedro Sanchezek, Espainiako Gobernuaren presidenteak, Emmanuel Macron presidentearen eskaintza eskertu du, eta esan du hori dela “Europak erantzuna emateko erabili behar duen lankidetza markoa”.