Urtaro aldaketa
Ostegunean hasiko da uda
Agentziak | Erredakzioa
Urtaro desiratuena 12:07an hasiko da eta 93 egun eta 15 ordu iraungo du, irailaren 23ra arte.
Uda ostegun honetan (ekainak 21) hasiko da, 12:07an, eta irailaren 23an bukatuko da, Espainiako Behatoki Astronomikoaren arabera. Urtaro desiratuenak, beraz, 93 egun eta 15 ordu iraungo du.
Urtaro berriarekin batera, eguzki izpi handiko egunak ere helduko dira. Horrela, ekainaren 21a (udako solstizioa) urteko egun luzeena izango da, baina eguzkia, ordea, ez da egun horretan lasterren atera eta beranduen ezkutatuko. Izan ere, ekainaren 14an argitu zuen goizen eguna, eta ekainaren 27an ezkutatuko da beranduen.
Bestalde, udan hiru eklipse izango dira: eguzki eklipse partzial bi, uztailaren 13an eta abuztuaren 11n; eta ilargi eklipse totala, uztailaren 27an.
Uztailaren 13ko eguzki eklipse partziala Australia hegoaldetik eta Antartikatik ikusi ahal izango da. Ondoren, ilargi eklipse totala helduko da, uztailaren 27an, eta Hego Amerikan, Europan, Afrikan, Asian eta Ozeanian izango da ikusgai. Abuztuaren 11n, berriz, bigarren eguzki eklipse partziala gertatuko da; Europa iparraldetik eta Asia ipar-ekialdetik ikusi ahal izango da.
Bestalde, udan meteoro jasa izango da. Batetik, Delta Akuaridak uztailaren 30 aldera izango dira ikusgai; eta Pertseidak abuztuaren 12 aldera ikusi ahalko ditugu, ilargi berriarekin batera, zerua ilun egongo baita; beraz, aurtengoa urte ona izango da horiek ikusteko.