Itxi

INDARKERIA MATXISTA

'La Manada'ko hiru kidek Cadreitan egin zuten geldialdia, aske geratu berritan

EITB.EUS

Leer en Castellano

Iruñeko kartzela utzi ondoren, Prendak, Escuderok eta Bozak Erriberan afaldu zutela baieztatu du ETBk. Hainbat pertsonek ezagutu eta kargu hartu zieten eta foruzain nahiz guardia zibilak agertu ziren.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Milaka emakume kalera irten ziren atzo bai Euskal Herrian baita Estatuko hiri nagusietan ere, Jose Angel Prenda, Angel Boza,  Jesus Escudero, Antonio Manuel Guerrero eta Alfonso Jesus Cabezuelo 'La Manada'ko kideak aske utzi izana salatzeko. Bederatzina urteko kartzela-zigorrera kondenatuta zeuden arren, epaia behin betikoa ez denez, aske uztea erabaki du epaitu zituen auzitegiak eta atzo 18:00ak pasatxo zirenean irten ziren Iruñeko espetxetik. Handik ordu gutxira, Cadreitan euren askatasuna "ospatzen" ari zirela salatu zuten hainbat erabiltzailek Twitterren.

ETBk baieztatu ahal izan duenez, kartzela atzean utzi eta Cadreitara, Erriberan dagoen herrira, joan ziren, eta hainbat orduz han egon ziren, euren bila joan ziren arte. Denbora horretan, jatetxe batean afaldu zuten euren askatasuna "ospatzeko" eta lekukoek esan dutenez, protestak izan ziren jatetxearen aurrean.

Taberna batean zirela, hainbat pertsonek ezagutu egin zituzten eta kargu hartzen hasi ziren. Tentsioa goraka zihoala eta, baten batek abisua eman eta Foruzaingoa nahiz Guardia Zibileko hainbat agente agertu ziren.

 

Cadreitako bizilagunek ETBri jakitera eman diotenez, Prendak, Bozak eta Escuderok herriko gazte bat ezagutu eta lagun egin ziren Iruñeko kartzelan zeuden bitartean. Hura joan omen zen euren bila aske geratu zirenean.

Erriberako herritarrek ondoeza agertu dute hiru pertsona horiek herrian hartu eta horrek komunikabideen fokua eurengan jar dezakeelako.

Bestalde, berri agentziek jakitera eman dutenez, hiru horietako bat, Jose Angel Prenda, gaur goizaldean iritsi da Sevillara. 07:00ak aldera ikusi dute bere etxean sartzen.

Prenda Sevillan, etxera iristen. Argazkia: EFE

Agustin Martinez Becerra, zigortuetako lau gazteren abokatua, ETB2ko 360º saioan izan zen atzo gauean. La Manadako kideak "pozik" zeudela kontatu zuen, eta lehen epaiaren aurka jarri zuten helegitea ebatzi bitartean, gutxienez, urtebete egingo dutela libre adierazi zuen. Bideoa, gaztelaniaz:

 

Irantzun Varela feminista ere saioan zen eta epaimahaiak aske uzteko erabakia justifikatzeko erabili dituen argudioak kritikatu zituen. Tartean, biktima eta abusatzaileak 500 kilometrora bizi direla. Varelak esan zuen argudio horrek "de fakto", "biktimaren mugitzeko eskubidea mugatu besterik ez duela egiten".

Imanol Azkona, Sanferminetako Peñen Federazioko presidenteak ere parte hartu zuen eztabidan eta argi utzi zuen "kaltea egitera datorrena" ez dela "ongietorria" Iruñean.

Protestak gaur, Ipar Euskal Herrian

Iparraldean ere, Baionan, 'La Manada'ko kideak aske utzi izana salatu dute elkarretaratze batean. Hainbat talde feministak deituta, injustizia honen aurrean isilik ez direla geldituko azaldu dute, eta "epaimahaiak heteropatriarkatuaren interesak defendatzen" dituela salatu dute.

 


Arratsaldean Hazparnen beste elkarretaratze bat deitu dute.

 

Albisteak (4)

Bideoak (2)