Donostia
Jose Maria Setien gotzain emeritua, oso larri, iktusa jasan ostean
Agentzia | Erredakzioa
90 urteko prelatua Donostia Ospitaleko Zaintza Intentsiboen Unitatean dute.
Jose Maria Setien Donostiako gotzain emeritua erietxean dago, oso larri, igandean iktusa izan ostean.
Gotzaindegiko iturriek jakinarazi dutenez, Setienek igande goizean izan zuen iktusa, eta berehala eraman zuten Donostia Ospitalera. Ordutik Zaintza Intentsiboen Unitatean dago.
Iturrion arabera, goiz da garuneko kalteak zehazteko, baina gertakari "oso larria" izan dela nabarmendu dute.
Hernanin jaioa 1928an, Jose Maria Setien Alberro 1979tik 2000. urtera arte izan zen Donostiako gotzain. Juan Maria Uriartek hartu zion lekukoa, eta 2010ean, Jose Ignacio Munilla gaur egungo prelatuak.
Hain justu, Munillak Setienen alde otoitz egiteko eskatu zien atzoko mezan Donostiako Artzain Onaren katedralean bildutakoei.