Bederatzi urtera zigortua
Laneko zigorra kendu diote 'La Manada'ko militarrari, baina ez diote posturik emango
Agentzia | Erredakzioa
Defentsa Ministerioak zehaztu duenez, ezin zuten indargabetzea saihestu. Antonio Manuel Guerrero guardia zibil zigortua antzeko egoeran dago: “aktibo, baina posturik gabe”.
Espainiako Defentsa Ministerioaren Aldizkari Ofizialak astearte honetan argitaratu duenez, Alfonso Jesús Cabezuelo 'La Manada'ko militarrari ezarri zioten lanerako zigorra kendu egin diote, eta beraz, beharrera itzultzeko baimena du. Cabezuelori, 'La Manada'ko gainerako kideei bezala, bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri zion Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2016ko sanferminetan emakume bati egindako sexu-abusua egotzita. Epaia, ordea, ez da irmoa eta militarra aske dago.
Albistea eldiario.es egunkari digitalak zabaldu du gaur, filtrala.org filtrazioak egiteko buzoian jasotako informazioari esker. Berria ezagutu ondoren oharra kaleratu du Defentsa Ministerioak zehaztuz lanerako baimena izanda ere, ez diotela posturik emango.
Defentsaren oharraren arabera, "ezin zitekeen etena indargabetu, legeak hala zehazten duelako". Nolanahi ere, Ministerioak "postu bat emateko debekua" ezar dezake, "egotzitako gertakariak eta horien garrantzi soziala kontuan hartuta". Epaia irmo izan arte manten daiteke egoera hori.
Araudiak zehazten duenez, "militar profesional baten zereginen etetea ezar daiteke zigor arloko auzi batean auzipetzen badute edo falta larri batengatik horren kontrako diziplinazko prozedura abiatzen badute". Hain justu, Cabezueloren kasuan horixe egin zuen Defentsa Ministerioak 2016ko uztailean.
Dena dela, araudiak muga ezartzen dio etenaldi horri: "Gehienez sei hilabete edo badaezpadako kartzelaldiak irauten duena —sei hilabete baino gehiagoz luzatzen bada—".
Roberto Villanueva jeneral eta Giza Baliabideetako zuzendariak uztailaren 4an sinatu zuen ebazpena, eta ekainaren 22tik dago indarrean. Erabakiaren kontrako gorako errekurtsoa aurkez daiteke hilabeteko epean.
Era berean, Antonio Manuel Guerrero guardia zibil zigortua antzeko egoeran dago: “aktibo, baina posturik gabe”. Ondorioz, oinarrizko soldata jasotzen ari da epai irmoa izan arte, Guardia Zibileko iturriek azaldu dutenez.
Guardia Zibilak 29 urteko Antonio Manuel Guerrero agenteari diziplinazko espedientea zabaldu zion, sexu-erasoan parte hartu eta atxilotu ondoren. Espedientearen arabera, 'La Manada'ko kideari laneko zigorra ezarri zion Guardia Zibilak.