Epaia
Juana Rivas, bost urte kartzelara, eta seme-alaben zaintza eduki gabe sei
Agentzia | Erredakzioa
Horrez gain, bikotekide ohiari 30.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio eta epaiketaren gastuak ordaindu beharko ditu. Maracenako amak helegitea aurkeztuko du.
Granadako Zigor arloko 1 zenbakiko Epaitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio Juana Rivasi, adingabeak ostearen bi delitu egotzita. Horrez gain, sei urtez seme-alaben zaintza edukitzeko eskubidea kendu dio epaileak. Maracenako (Granada) emakumeak ia hilabete eman zuen leku ezezagunean gordeta bi seme-alabak —12 eta lau urtekoak— Francesco Arcuri bikotekide ohi eta aitari ematea saihesteko. Arcuri tratu txarrengatik zigortuta dago, eta horren kontrako beste salaketa bat aurkeztuta du emakumeak.
Horrez gain, bikotekide ohiari 30.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio, eta epaiketaren gastuak ere ordain beharko ditu.
Epaiak uztailaren 18ko data du. Egun horretan egin zen Rivasen kontrako epaiketa. Fiskaltzak bost urteko kartzela zigor eskaerari eutsi zion. Rivasek epaiketan esan zuenez, bikoteak Carloforten (Italia) zuen etxetik alde egin zuen 2016an Arcuriren "torturak" gehiago jasan ezin zituelako, eta behin Espainian, ez zien umeak aitari eman nahi izan, "babestu" nahi zituelako.
Rivasek helegitea aurkeztuko du
Epaia ez da irmoa, eta helegitea aurkez dezake Rivasek. Horixe iragarri du, hain justu, emakumearen abokatuak. Jose Estanislao Lopezen hitzetan, epaia "izugarri injustua da" eta epaileak tratu txarrak aintzat ez hartzeko erabilitako argudioak, "desegokiak". Salatu duenez, Rivasek 2016an egindako salaketa "13 hilabete beranduago" bidali zuten Italiara, "ezin dira tratu txarrak egiaztatu, oraindik epairik ez dagoelako".
Horrez gain, epaiaren data bera (epaiketaren egun berekoa) "harrigarria" iruditu zaio abokatuari. Bere iritzian, "ezinezkoa da epai bat eman bost orduko epaiketa baten ostean".
Rivas, epaiketaren egunean. Argazkia: EFE
Francesco Arcuri abokatuak, berriz, pozik hartu du Rivasen zigorra, eta gogorarazi du bere bezeroaren aldeko enegarren epaia dela.
Rivasek aurkeztutako tratu txarren salaketen ez dute "sinesgarritasunik"
Epaileak ez ditu aintzat hartu Rivasek salatutako tratu txarrak. Ebazpenean irakur daitekeenez, "2009ko tratu txar horiez harago, gerora ez da besterik frogatu ahal izan, eta seme nagusian ez dira atzeman horren kontrako edo amaren kontrako tratu txarren ostetik egon ohi den desoreka psikologikoa".
Epaiaren arabera, Rivasek aurkeztutako tratu txarren txostenek ez dute sinesgarritasunik, eta epaiketan aritu ziren auzitegiko medikuek halakorik egon dela baztertu dute. Seme-alabak aitarekin egoteak "ez du ekarri arrisku fisiko edo psikologikorik".
Hori horrela, epaileak ez dio sinesgarritasunik eman Rivasek Arcuriren kontra 2016ko uztailean aurkeztutako salaketa (Granadan aurkeztu zuen, baina Italiaren esku dago auzia, han gertatu omen zirelako tratu txarrak), "ezein epaimahaiek ez dituelako egiatzat jo".
"Tratu txarrak lau haizetara zabaltzea"
Manuel Piñar epaileak oso hitz gogorrak erabili ditu Maracenako amaren kontra, "zinikoa" izatea egotzi dio, baita "tratu txarrez baliatzea" ere.
Italiatik Espainiara etortzean, "kanpaina mediatiko" batean parte hartzea leporatu dio epaileak Rivasi, "prentsaurrekoa eta dena eskaini zuen", erantsi du.
Francesco Arcuriri ordaindu beharreko kalte-ordaina argudiatzeko orduan, epaileak honakoa adierazi du: "Epai irmo bat edo ikerketa bat ez dagoenean, pertsona batek tratu txarrak ematen dituela, torturatu egin duela eta familia ikaratu duela lau haizetara zabaltzea, eta amorrarazitako jendetza irreflexibo bat aupatzea, ohorearen eta errugabetasun presuntzioaren eskubideei irain egitea da".
Juana Rivas: 'Borrokatzen jarraituko dut'
Epairen berri izan ostean, Juana Rivasek adierazi du auziagatik "borrokatzen jarraitu"ko duela.
"Nik borrokatzen jarraituko dut, ez ezazue ahaztu", adierazi die kazetariei labur Maracenako (Granada) bizilagunak. Halaber, "ondo" dagoela eta hau "betikoa" dela gaineratu du.
Etxeko atarian eta ibilgailu batera igotzen ari zela, Rivasek adierazi du helegitea aurkeztuko duela Granadako 1 zenbakiko epaitegian, eta honako hau nabarmendu du: "Lortu egingo dugu. Pauso txiki bat gehiago da lortzeko".
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.