Immigrazioaren drama
Europarako bidean dauden etorkinei laguntzeko eskatu diote Irungo Udalari
EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS
Gobernuz Kanpoko Erakundeek salatu dutenez, Europarako bidean Irunera heltzen diren etorkinak dokumentaziorik eta Gurutze Gorriaren babesik gabe kalean egotera behartuta daude.
Gobernuz Kanpoko hainbat Erakunde Irunen bildu dira larunbat honetan, Europarako bidean Irungo muga zeharkatu ezinda dauden etorkinen egoera salatzeko asmoz. Talde horiek kritikatu dutenez, Irunera egunotan heltzen diren etorkinak dokumentaziorik eta Gurutze Gorriaren babesik gabe kalean egotera behartuta daude.
Irunen GKEek egindako bilera hartan, SOS Arrazakeriak salatu du baliabideak egon badaudela, baina etorkin askok ez duela laguntza eskaintzen duten erakunde horiengana joateko aukerarik. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta Donostiako eta Irungo Udalek prestatutako harrera-zentroetan soilik Gurutze Gorriak Espainiako hegoaldetik bidalitako etorkinak hartzen ditu. Gainera, Irungo Udalak argazkidun nortasun agiriren bat eskatzen die etorkinei herriko zerbitzuak jaso ahal izateko.
Larunbat honetan Irunen bildutakoek adostu dute egoera onartezina dena, eta Europar bidean diren etorkinei zerbitzua ematen saiatuko direla. Hori dela eta, datorren asterako deia egin diete elkarte gastronomikoei txandaka etorkinen jatorduez ardura daitezen.