Euskara
'EuskarAbentura'k amaiera hunkigarria eman dio ekimenari, helburua lortuta
Agentziak | Erredakzioa
Gazte askok aitortu dutenez entzun eta bizitakoek “kontzientzia pizteko” balio izan diete eta asko ikasi dute besteen euskalki eta errealitateez.
Your browser doesn’t support HTML5 video
EuskarAbentura espedizioaren lehen edizioak azken kilometroak egin ditu astearte honetan. Duela hilabete ehun gazte baino gehiago Zuberoatik abiatu ziren, eta oinez 400 kilometro baino gehiago egin ostean Getxora iritsi dira. Euskararen erabileran sakontzeko egitasmoari esker, ekimen honetan parte hartu duten gazteek esperientzia ahaztezin ugari bizitzeko aukera izan dute.
Getxoko Andres Isasi musika eskolan ekitaldi hunkigarria egin aurretik, gazteek Euskal Herriko zazpi lurraldeak zeharkatu dituzte. Espedizioa larunbatean, uztailak 28, sartu zen Bizkaian, Markina-Xemeinera, zehazki. Udalak egindako harreran jakin zuen taldeak Euskal Herriko eskualde euskaldunenean zegoela; Lea-Artibain euskararen ezagutza % 90ekoa da eta erabilera % 80koa.
Uztailaren 29an, abenturaren etaparik luzeena burutu zuten, 29 kilometrokoa. Bidean Omako Baso Margotua eta Gizateriaren Ondare den Santimamiñe kobazuloa bisitatu zituzten. Gernika-Lumora heltzerakoan euskara zinegotziaren harrera jaso zuten. Halaber, Bilboruntz trenez abiatu baino lehen, Gernikako Juntetxea eta Arbola bisitatu zituzten.
Zeharkatutako lurralde bakoitzean euskarak bizi duen errealitatearen berri izan dute gazteek. Euskararen erabileran eragitea EuskarAbenturaren helburu nagusienetako bat izan da, soziolinguistika hitzaldiez gain, Euskaraldiko kideen bisitak ere izan dituzte eta dinamika desberdinak garatu dira.
Gazte askok aitortu dutenez entzun eta bizitakoek “kontzientzia pizteko” balio izan diete eta asko ikasi dute besteen euskalki eta errealitateez. Gazteen arteko sareak sortzea ere bilatzen zuen EuskarAbenturak, eta aurrera begira jatorriaren araberako lurralde-oreka hobetzeke dagoen arren, sortutako sarearen indarra nabarmentzekoa da.
Era berean balore positiboak zeharka landu dira EuskarAbenturan, esaterako ingurumenarekiko errespetua eta zaintza. Hondakinen kudeaketa egunero zaindu da, zaborra ondo berezituz eta birziklatzeko dagokion ontzietara bideratuz.
400 kilometro
Espedizioa uztailaren 1ean abiatu zen Mauletik (Zuberoa), Done Jakue bidearen ibilbide Frantsesa jarraituz, Donibane Garazi (Nafarroa Beherea) eta Iruñetik igaro eta Vianaraino (Nafarroa). Bertatik autobus batek Donemiliaga Kukulara (Errioxa) eraman zituen abenturazaleak. Bertan orain arte aurkitu diren euskarazko idazki zaharrenak ikusi ahal izan zituzten.
Donemiliagatik Gesaltza Añanara (Araba) igo eta Barnealdeko bidea kontrako norabidean egin zuten Iruneraino (Gipuzkoa). Trenez Baionara (Lapurdi) igo eta handik Kostaldeko ibilbidetik jarraitu zuten, Kantauri kostalde guztia zeharkatuz, Getxoko Bizkaia zubian amaitzeko, uztailaren 31n.
Espedizioa Euskal Herrian kokatzen diren Unescok izendatutako gizateriaren ondare guztietatik igaro da: Done Jakue bidea, Santimamiñeko kobazuloak, Ekaingo leizeak, Altxerriko kobak eta Bizkaia zubia.