Itxi

Araba

'Deportazioan' laguntzea leporatu dio Salhaketak Gasteizko Udaltzaingoari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

12 urte Gasteizen zeramatzan marokoar bat ostiralean erbesteratu zutela salatu du Salhaketak, Udaltzaingoak identifikatu eta bi egun geroago, hain zuzen ere.

Beste herrialde batzuetako pertsonen “erbesteratzean laguntzea” egotzi dio Salhaketa pertsona presoak laguntzeko elkarteak Gasteizko Udaltzaingoari, nahiz eta horretarako eskumenik ez izan. Bizileku-baimenik gabeko pertsonak Espainiako Poliziaren esku uztea leporatu die udaltzainei, nahiz eta “deliturik ez egin”.

12 urte Gasteizen eman dituen marokoar bat iragan ostiralean erbesteratu zutela salatu du Salhaketak agiri batean, Gasteizko Udaltzaingoak identifikatu eta bi egun geroago, hain zuzen ere.

Elkarteak azaldu duenez, nahiz eta pertsona horrek “deliturik ez egin”, udaltzainek Espainiako Poliziaren esku jarri zuten. Betoñoko polizia-etxera eraman zuten, “egozteko agindua iraungitzeko 28 egun falta zirenean”, erantsi duenez.

Salhaketak azpimarratu duenez, deliturik egin ez zuenez, herritarra ez zuten epaitegietara eraman, eta Espainiako Poliziaren Betoñoko polizia-etxean “familiari, abokatuari eta lagunei gezurra esan zieten”; izan ere, pertsona atzerritarrak barneratzeko Madrilgo zentro batera bidean zegoela azaldu zieten.

Gizona Madrilera bidali zuten ostiraleko 03:00ak aldera. Elkarteak adierazi duenez, bide guztia “eskuburdinak jarrita eta ezer edan eta jan barik” egin zuen.

"Eskuburdinak jarrita eta ezer edan eta jan barik"

Antza denez, ez zuten atzerritarrak barneratzeko zentrora eraman, Barajaseko aireportura baizik, beste 20 bat pertsonarekin batera deserriratzeko.

Hegaldiak Melillan lur hartu zuen; bertan muga zeharkatu eta Nadorreko (Maroko) polizia-etxera eramateko. “Deportazioa bukatutzat eman zuten” bertan, Salhaketak gaineratu duenez.

Gasteiztik atera eta 16 ordu geroago Marokora heldu zen gizona, “senideek eta lagunek atzerritarrak barneratzeko Madrilgo zentro batean zegoela uste zuten bitartean”.

“Kasualitateetan” sinesten ez duela ziurtatu du Salhaketak. “Madrilgo deportazio hegaldiaren eta Gasteizko udaltzainen artean harreman zuzena” dagoela adierazi du elkarteak.