Itxi

Donostia

Martuteneko presoak Donostiako kartzela ixtearen kontra azaldu dira

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Eneko Goia Donostiako alkatearen ‘helburu bakarra’ hirigintza proiektua dela salatu dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Martuteneko espetxea eraitsi eta haren lekuan gizarteratze zentro bat eraikiko dela baieztatu zuen joan den astean Espainiako Gobernuak. Hasieran, Zubietan espetxe berria eraikitzea aurreikusten zuen Barne Ministerioak, baina aukera hori baztertuta, Gipuzkoak ez du espetxerik izango. Hala, egun Donostian dauden presoak Zaballako kartzelara lekualdatuko dituzte.

Horren aurrean haserre agertu dira Martutenen lehen graduan zigorra betetzen ari diren ehun bat preso, eta agiri bat izenpetu dute. Donostiako kartzela ixtearen aurka daudela esan dute, horrek euren egoera eta senideena okertu egingo duela argudiatuz.

Emakumeen moduluan ere zabaldu dute dokumentua. Han ere gehienek babestu egin dute, nahiz eta ezin izan duten sinatu, presoen hurbileko iturriek baieztatu dutenaren arabera.

Idatzian azaldu dutenez, "arazoa ez da Zaballa urrun edo gertu egotea, Gipuzkoatik kanpo dagoela baizik". "Gure familiek, gure ingurukoek eta gure defentsek ezingo dute bisitatzera edo laguntzera etorri orain arte bezala", argitu dute.

Ordenamendu juridikoak presoen eta senideen eskubideak babesteko jasotzen duen printzipioa urrituko dela uste dute. Horrez gain, erabakia "Espainiako Konstituzioko 24. artikuluan oinarrizko eskubide gisa jasotako defentsarako eskubidearen aurkakoa" dela azaldu dute.

Goiari mezua

Jarraian, garapen urbanistikoa dela helburu bakarra leporatu diote Eneko Goia Donostiako alkateari.

"Martuteneko kartzelak badu zailtasunen bat, bai, baina hori ezin da alkatearen helburu bakarra (garapen urbanistikoa) ezkutatzeko erabili. "Gizartearen katebegi ahulenen gainean eraikitzen jarraitzen dutela harriduraz ikusten ari gara", adierazi dute.

Goiak joan den asteartean hitz egin zuen gaiari buruz. "Itxura guztien arabera", Gipuzkoak ez du kartzelarik izango hemendik aurrera, horren tokian gizarteratze zentro bat egingo dutelako. Donostiako alkatearen esanetan, aurrekontuaren atal bat esleitu diote dagoeneko proiektuari; beraz, eraikuntza lehenbailehen abiatu beharko litzatekeela esan du.

"Zapatero presidente ohiaren gobernuarekin" garai batean onartu zen aurrekontua Zubietan kartzela bat eraikitzeko zela gogoratu dute presoek agirian: "Garbi dago espetxeak gizarteratze zentro bat izan dezakeela, hala interesatuz gero, baina ezin da bata bestearengatik trukatu".

"Alkate jauna, donostiar guztien alde lan egitea zin egin zenuen, gure bizilekua aztertzea eskatzen dizugu", gaineratu dute presoek. Hala, "mobilizaziorako" deia egin dute "administrazio publikoak baztertuenen aurka egindako bidegabekeria berri" honen kontra egiteko.

Albisteak (1)

Bideoak (2)