HONDARRIBIKO ALARDEA
Hondarribiko erretoreak bakea eta elkarbizitza aldarrikatu ditu alardean
RAdio euskadi | EITB.EUS
Victoriano Etxabe parrokoak salatu duenez, larunbateko mezaren amaieran alarde parekidearen kontrakoa den emakume bat aldarera igo zen, hitza hartzeko asmoz.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aurtengo Hondarribiko alardeak hizpide izaten jarraitzen du. Pasa den larunbatean, azken urteotako tentsiorik handiena izan zen Jaizkibel konpainiaren desfilean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren gomendioei entzungor egin zieten herritar askok, eta plastiko beltzak erakutsi zitzuten alarde parekidearen ibilbidean. Aurten, gainera, txistu hotsekin hartu zuten Jaizkibel konpainia.
Orain, Victoriano Etxabe parrokoak larunbateko mezan (alardearen egunean) esandakoek zeresana piztu dute. Hondarribiko parrokoak bakearen eta elkarbizitza aldarrikatu zituen, eta, antza denez, bere hitzak ez ziren eliztar guztien gustukoak izan.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, minduta dago larunbateko alardean gertatutakoagatik. "Elkarbizitza lortzea da erronka. Beste 21 urtez tentsioa bizi behar al dugu Hondarribian?", galdetu du.
Victoriano Etxabek salatu duenez, mezaren amaieran emakume bat aldarera igo zen, hitza hartzeko asmoz: "Ez zuen baimenik eta hitza ukatu nion". Parrokoaren hitzetan, eliztar askori ez zitzaien gustatu herritarren arteko bakea eta elkarbizitza aldarrikatu izana. Dena den, beste zenbaitek zoriondu egin dutela nabarmendu du.
Alardean gertatutakoari buruz galdetuta, "atzerapauso" nabarmena izan dela adierazi du: "Hondarribiak ez du merezi larunbatekoa bezalako espektakulu arbuiagarri bat. Espiral oso tristea da".
Jatorrizko informazioa Radio Euskadik landu eta eitb.eus-ek itzuli du.