Itxi

Irailean

Jaurlaritzak errefuxiatu eta asilo eskatzaileentzako zentroa irekiko du Oñatin

EiTB.eUS

Leer en Castellano

100 pertsonentzako lekua edukiko du, eta CEAR Euskadik kudeatuko du.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Euskadira heltzen diren errefuxiatu eta asilo eskatzaileek harrera zentro berria izango dute aurki Oñatin (Gipuzkoa). Izan ere, Eusko Jaurlaritzak egoera horretan duen pertsonei zuzendutako aterpetxea zabalduko du iraileko bigarren hamabostaldian.

Zentroak 100 lagunentzako tokia izango du —beharra izanez gero, kopuru hori handitzeko aukera egongo litzateke—, eta CEAR Euskadik kudeatuko du. Pertsona batek zentroan hiru hilabete igaro baditzake ere, irizpide teknikoen arabera, epe hori laburtu edo luzatu ahal izango da.

Berez errefuxiatuei eta nazioarteko babesa eskatzen duten pertsonei zuzendua badago ere, salbuespen gisa, premia bereziko egoerak daudenean, zentroak "zaurgarritasun-egoeran edo iragaitzazko egoeran dauden, edo Euskadira iritsi berriak diren migratzaileak" hartu ahal izango ditu.

Jaurlaritzak ohar batean azpimarratu duenez, aterpetxea zabalduz, "politika publikoen 2018ko kudeaketa-programan jasotako helburuetako bat" beteko du Gobernuak.

Zentroaren helburu nagusia honakoa izango da: Egoera argitzeko zain dauden eta nazioarteko edo aberrigabeentzako babesa eskatu duten pertsonei eta familiei ostatua, orientabidea eta desbideratzea eskaintzea.

Zentroaren kudeaketaren zuzendaritzaz CEAR Euskadi eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusia arduratuko dira, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailarekin harremanetan.

Zentroaren kudeaketa-proiektua aurrera eramango da, batetik, Oñatiko Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta, bestetik, pertsona errefuxiatuei eta migratzaileei laguntzen lanean diharduten bertako erakunde eta plataformekin elkarlanean jardunez.

Albisteak (3)

Bideoak (1)