Sexu-abusuak Elizan
Aita santuak bilera deitu du Vatikanoan, sexu-abusuen arazoa aztertzeko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Munduko Gotzainen Biltzarretako presidente guztiek hartuko dute parte batzarrean. Bilera otsaila bukaeran egingo dute.
Frantzisko aita santuak bilera batera deitu ditu mundu osoko Gotzainen Biltzarretako presidenteak, sexu-abusuen gaia aztertu eta tokian tokiko elizetan arazo horri irtenbidea emateko asmoz.
Batzarra Vatikanoan egingo dute, 2019ko otsailaren 21etik 24ra bitartean. Kardinalen Kontseiluak gaur egin duen bileran hartu du erabakia aita santuak.
Azkenaldian, Elizaren baitan egindako sexu-abusuen eskandaluak nonahi izan dira, Ameriketako Estatu Batuetan eta Txilen, adibidez.
Ostegun honetan, aita santua AEBko gotzainekin bilduko da, Theodore McCarrick kardinal ohiak egindako sexu-gehiegikerien auziaren ondorioak aztertzeko. Aita santuak berak kendu zuen McCarrick kargutik, joan den uztailean.
Carlo Maria Vigano artzapezpikuak aita santuaren kontrako adierazpen gogorrak egin zituen, McCarricek egindako sexu-abusuen berri bazuela, baina, hala ere, ezer egin ez zuela esan baitzuen. Inoiz inork egin ez bezala, Dublinen egindako meza batean aita santuaren dimisioa eskatu zuen Viganok.