Itxi

Migrazioa

Getariako 'Aita Mari' atun-ontzia, Mediterraneoan migratzaileak erreskatatzeko prest

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Bederatzi hilabetez lanean egon ostean, atun-ontzia zena salbamendurako barku bilakatu dute, eta 10-15 egunetan itsasoratuko da, Mediterraneoan noraezean dauden migratzaileak erreskatatzeko.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Getariako 'Aita Mari' atun-ontzia migratzaileak erreskatatzeko ontzi bilakatu da, eta datozen asteetan abiatutako da Mediterraneo aldera.

Itsas Laguntza Humanitarioa Gipuzkoako gobernuz kanpoko erakundearen ontziaren aurkezpena gaur goizean egin dute Getariako portuan. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Nikanor Lertxundi eta Xabier Txurruka Getaria eta Zarautzeko alkateak, hurrenez hurren, eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen departamentuko zuzendaria. Arrantza-ontzia salbamendurako barku bilakatzeko 400.000 euro jarri ditu Jaurlaritzak.

Bederatzi hilabetez lanean aritu eta gero, ontzia Mediterraneora joateko prest dagoela adierazi du Iñigo Mijangos Gipuzkoako gobernuz kanpoko erakundeko presidenteak. "Une honetan, Mediterraneoan ez dago ontzi humanitariorik, barku militarrak eta Libiako kostazainak baino ez dabiltza han, eta hori ez da nahikoa", azpimarratu du.

Salbamendurako ontzi berriak 18 laguneko tripulazioa izango du eta 150 lagun eraman ahalko ditu barruan. 10-15 egun barru itsasoratuko da Pasaiako portutik, "ontziaren nahiz bidaiaren segurtasuna bermatzeko beharrezkoak tramiteak amaitu eta gero".

Ontzia goitik behera eraldatu dute. Sotoan, adibidez, haurtzaindegi txiki bat dute, umeak eta gurasoak bertan joan daitezen, eta garabi zaharra egokitu egin dute, salbamendurako txalupak bertan lotuta eramateko.

Halaber, dutxak eta komunak ere jarri dituzte, migratzaileek intimitatean garbitzeko aukera izan dezaten, gasolinaz bustita eta erabat zikinduta amaitzen baitute.

Urtea hasi zenetik 1.730 pertsona hil dira Mediterraneo itsasoan.

Bideoak (1)