Indarkeria matxista
Gizon batek emakume bati eraso dio Gasteizen
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ustezko erasotzailea leihotik sartu zen bikotekidearen etxera. Udaltzaingoak 27 urteko gizona atxilotu zuen, genero-indarkeriaren delitua egotzita.
Gizon batek bikotekideari eraso zion atzo goizaldean, Gasteizen. Ondorioz, Udaltzaingoak 27 urteko gizona atxilotu zuen, genero-indarkeriaren delitua leporatuta.
03:30 inguruan jazo zen erasoa. Ordu horretan, 092 larrialdi zerbitzuak dei bat jaso zuen, Alde Zaharreko etxebizitza batetik, laguntza eske. Deia egin zuenak udaltzain bati aitortu zionaren arabera, ustezko erasotzailea leihotik sartu zen etxera.
Erasoa gertatu zen etxebizitzara iritsi zirenean, agenteek hainbat galdera egin zizkioten biktimari, eta eztabaida izan ostean bikotekideak kolpatu egin zuela esan zien, besteak beste. Adierazpen horiek entzun ondoren, eta aurpegian urradurak zeuzkala ikusita, gizona atxilotzea eta epailearen aurrera eramatea erabaki zuten udaltzainek.
__________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.