Itxi

Hondarribiko alardea

Jaizkibel konpainiak dio Alardearen arazoa berdintasunarekin lotuta dagoela

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Orain arte erakundeen aldetik erantzunik ez denez egon, "bizikidetzarekin lotutako gatazka" izatetik "berdintasun arazo" izatera igaro dela salatu du emakumeak biltzen dituen taldeak.

Jaizkibel konpainiaren desfilea. Artxiboko argazkia: EFE

Hondarribiko Alardean desfilatzen duen Jaizkibel konpainiak agerraldia egin du astelehen goiz honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan, aurten azken urteotako tentsiorik handiena bizi ostean. Jaizkibelek salatu duenez, orain arte erakundeen aldetik erantzunik ez denez egon, "bizikidetzarekin lotutako gatazka" izatetik "berdintasun arazo" izatera igaro da.

Jaizkibel konpainiako ordezkariek Gipuzkoako Batzar Nagusietako Berdintasun Batzordean egin dute agerraldia, Elkarrekin Podemosek eskatuta, aurtengo desfilean azken urteotako tentsiorik handiena bizi ostean. Izan ere, plastiko beltzez gain, "Betiko alardea" zioten kartelak banatu zituzten desfilea hasi aurretik eta txistu artean hartu zuten emakumeak biltzen dituen taldea.

Azken hiru urteotan auziak "atzera" besterik ez duela egin deitoratu dute konpainia horretako bozeramaileek. Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak arazoa Berdintasun Zuzendaritzatik atera eta Bizikidetza Zuzendaritzaren esku utzi zuenetik, ez dizkietela "mezuak erantzun ere egin" ziurtatu dute.

Gauzak horrela, gaur egungo "arazoari" irtenbide bat bilatzeko neurri zehatzak har ditzaten eskatu diete erakundeei Jaizkibel konpainiako ordezkariek, EAJk bizikidetza arazoa dela uste duen arren berdintasun arazo bat baita.

Patricia Gete, Elkarrekin Podemosen batzarkidea Gipuzkoako Batzar Nagusietan, bat etorri da konpainia horrek esandakoarekin. Bere esanetan, "egoera hori berdintasun ikuspuntutik landu beharrean bizikidetzatik landu izanak emakumeek jai horretan bizi duten liskarra areagotu du".

EH Bildutik, Ainhoa Beolak azpimarratu du "fokuetatik kanpo" berdintasunaren alde "elkarlanean" hasteko ordua dela. Hala, arazo horri irtenbide bat bilatzeko borondate politikoa izatea ezinbestekoa dela ziurtatu du.

Zorione Etxezarraga EAJko ordezkariak, berriz, aurtengo alardean bizitakoari begira "hausnarketa sakona" egiteko deia luzatu die hondarribiar guztiei, jaiak "errespetuz" igarotzeko aukera izan ditzaten denek.

Albisteak (3)