NBE-ren txostena
Hamar urte baino ez ditu nazioarteak, aldaketa klimatikoa geldiarazteko
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Hala dio NBEko aditu talde batek egindako ikerketak. Klima-aldaketaren "konponbiderik gabeko kalteak" saihesteko, "inoiz ez bezalako neurriak" premiaz hartzeko eskatu diete zientzialariek agintariei.
Nazio Batuen Erakundeko zientzialari talde batek aldaketa klimatikoari buruz egindako ikerketaren arabera, nazioarteko komunitateak hamar urteko epea dauka Lurraren berotzea geldiarazteko eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko.
Hiru urteko ikerketaren ostean, gaur aurkeztu dituzte egindako lanaren emaitzak eta ohartarazpen argia egin dute: "Berotze globala murrizteko eta, ondorioz, konponezinak izango liratekeen kalteak ekiditeko, inoiz ez bezalako neurri handiak hartu behar dira gizartearen esparru guztietan".
Txostenaren arabera, aldaketa klimatikoari aurre egiteko, munduko gobernu guztien ahalegin globala eta bateratua ezinbestekoa da, baina hori hala izatea ia ezinezkoa dela aitortzen dute, besteak beste, Ameriketako Estatu Batuak bezalako herrialde handi baten interesen kontrakoa litzatekeelako.
Zientzialariek diote programa asko landu beharko direla, atmosferara isurtzen diren karbono-dioxido bolumen adierazgarriak desagerrarazteko. Horretarako oinarrizko teknologiak existitzen badira ere, programa horiek modu eraginkor batean martxan jartzeko denbora gutxi dagoela ohartarazi dute.
Berotze globala 1,5ºtik behera mantentzeko, "neurriak azkar hartu beharko dira eta hori oso garestia izango da". Adituek erantsi dute, isurketak gaur amaituko balira, Lurraren berotzea ez litzatekeela 1,5º baino gehiagokoa izango.
Alabaina, neurri horiek premiaz hartzen ez badira, munduak porrot egingo duela azpimarratu dute, karbono-dioxido isurketak ez direlako berez amaituko.
Ildo horretan, gogoratu dute Ameriketako Estatu Batuak direla berotegi-efektua eragiten duten gas gehien isurtzen duen herrialdea eta, hala ere, Parisko Akordioan zehaztutako helburuak betetzeko asmorik ez duela. Areago, Donald Trump Etxe Zurira iritsi eta gutxira, AEBak aldaketa klimatikoari aurre egiteko itunetik atera ziren.
Zientzialarien arabera, Lurraren tenperaturak 1,5ºko igoera izango du 2030 eta 2052 urteetan artean, berotze globalak egungo erritmoari eusten badio eta nazioartean premiazko neurriak hartzen ez badira.
Horrez gain, adituek azpimarratu dute klima-aldaketa geldiarazteak "pertsonengan eta ekosistema naturaletan onura nabarmenak" izango lituzkeela eta horrek "gizarte jasangarriagoa eta bidezkoagoa" egiten lagunduko lukeela.