CABACAS AUZIA
Ez zen istilurik izan Cabacasek pilotakada jaso zuenean, lekukoen arabera
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Plaza jendez gainezka zegoela eta Ertzaintza bertaratu arte ez zela inolako istilurik izan azaldu dute lekukoek. Ertzainek "justifikaziorik gabe denen aurka" tiro egin zutela erantsi dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Cabacasen auziaren epaiketan gaur akusazio partikularraren lekukoen txanda izan da. Horien arabera, Maria Diaz de Haroko kale-itsua jendez gainezka zegoen eta Ertzaintzak ez zuen "inolako abisurik eman han sartuko zirela esanaz". Gainera, "inolako beharrik gabe gomazko pilotak jaurtitzen hasi ziren batera eta bestera", esan dute.
Lekukoen esanetan, ez zituzten ikusi, akusatuek esan bezala, ehunka kaputxadun botilak, harriak eta adokinak jaurtitzen. Bestalde, karga hasi ostean gutxi batzuek botilak jaurti zituztela esan du lekuko batek eta gomazko pilota batek Iñigo harrapatu zuela esan du.
"Sekula ez dut horrenbeste odol ikusi. Ez zen karga justifikatua izan. Ez zegoen karga hori egiteko beharrik", esan du Javier Lopezek.
Ildo horretan, Ibai, Iñigo Cabacasen beste lagun batek kontatu du Ertzaintzaren hiru furgoneta heldu zirela eta agenteak jaitsi zirela "ezkutu eta gomazko pistolekin".
Edonori jotzeko asmoa zutela esan du lekuko batek. Ertzainek pilotakadak gerritik gora botatzen zituztela deklaratu dute lekukoek.
Bestalde, Eulalia Caballero Katalunian bizi eta egun hartan Bilbon zegoen lekukoaren arabera, "ertzainak aurrez aurre eta zuzen, tiroak eta tiroak" jaurtitzen ikusi zituen.
"Izugarrizko istilua zegoen", esan du gertakariaren gauean handik pasa zen autobus gidari batek. "Autobusaren azpiko txaparen aurkako eztandak entzun nituen. Ezin asmatu izan zitekeena", esan du.
Bestalde, Maria Diaz de Haro kaletik furgonetak eta "tiro egiteko prest zeuden" ertzainak igotzen zirela esan du lekukoak; hala ere, "eraso egiteko edo defendatzeko" asmoa zuten ezin duela esan gaineratu du.
Epaiketaren lehendabiziko bi saioen balantzea egin du Jone Goirizelaia abokatuak, eta, haren esanetan, "argi" geratu da kalezulo hartan ez zela istilurik izan, Ertzaintza bertaratu eta kargatzen hasi zen arte.
Atzoko saioari dagokionez, Goirizelaiak uste du frogatuta geratu dela polizia-dispositibo hartan parte hartu zuten ertzainak ez zeudela behar bezala trebatuta gomazko pilotak jaurtitzeko eskopetak erabiltzeko, besteak beste, pilotakada bat pertsona bat hiltzeko gai izan daitekeela ez zekitela esan zutelako.
Halaber, ertzainek emandako testigantzetan "kontraesan harrigarriak" antzeman daitezkeela azpimarratu du. "Ardurak bere gain hartzen saiatu ziren, baina argi utzi zuten tiro egiteko aginduak eman zirela eta tiro egin zutela", erantsi du.
Gaurko saioaren kasuan, Goirizelaiak esan du lekukoek argi eta garbi azaldu dutela kale txiki hartan ez zelan inolako istilurik izan, Ertzaintza bertaratu eta kargatzen hasi zen arte. "Jendea izututa zegoela kontatu dute, berez haiek babesteko dauden agenteak haien kontra ari zirela ikusita, eta nabarmendu dute jai-giroan zeudela eta inork ez zuela ikusi ezer jaurtitzen zela –ertzainen kontra-".
Ertzaintzaren oldarraldia hasi ostean, objekturen bat bota zela azaldu dute, "baina lekuko guztiak bat datoz horrelako kargarik egitea ez zelan inondik inora beharrezkoa", zehaztu du.
Ildo horretan, Iñigo Cabacas artatu zuen emakumearen testigantza azpimarratu du Goirizelaiak. Garai hartan bere bikotekide zenaren familia bisitatzera etorri zen Kataluniatik Bilbora. "Gu fusilatzeko helburua zutela ematen zuen", esan du Ertzaintzak egin zuen karga deskribatzerakoan.
"Oso argi geratu da nortzuek eta nola egin zuten tiro, eta horri bideoa gehitu behar zaio. Bi bertsio kontrajarri daude, baina uste dut epai-mahaiak elementu asko dituela esku artean, lekukoak inpartzialak direlako, inork ezagutzen ez dituelako eta horietako batzuk bertakoak ere ez direlako, baina gau hartan ikusi eta sufritu zutena kontatu dute", adierazi du.
Horrez gain, Goirizelaiak esan du "pena bat" dela auzi honetan akusatutako sei ertzainak gaur saioan egon ez izana. "Ez etortzea erabaki dute eta erabaki hori errespetatu egin behar da, baina uste dut haientzat onuragarria izango litzatekeela lekuko horiek kontatu dutena bertatik bertara entzutea", gaineratu du.
2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo zuen Iñigo Cabacas, Athleticen eta Schalke 04 talde alemaniarraren arteko futbol partidaren ostean, San Mames inguruan zuri-gorrien garaipena ospatzen ari zela. Kalean izandako istiluen ondorioz Ertzaintzak egindako kargetan jaurtitako gomazko pilota batek bete-betean harrapatu zuen gaztea, eta lau egun geroago hil zen, Basurtuko Ospitalean.