Sexu-abusuak Elizan
Sexu-abusuak ezkutatu zituen gotzain bat, pederastiari buruzko batzordeko presidente
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Antonio Menendez Astorgako gotzainak sexu-gehiegikeria kasu bat estali zuen. Elizak bera aukeratu du pederastia batzordea zuzentzeko.
Espainiako Eliza Katolikoak pederastiari buruzko batzorde bat eratuko du eta adingabeei egindako sexu-abusu kasu bat ezkutatu zuen gotzain bat jarriko du organo horren buruan.
Espainiako Gotzainen Biltzarrak astearte honetan iragarri du batzorde bat sortuko duela Elizaren baitan adingabeen kontrako sexu-abusuak egotea saihesteko araudi berri bat lantzeko eta pederastia kasuetan ezartzen dituzten protokoloak aztertzeko.
Sexu-abusuen eskandaluaz hitz egiteko Frantzisko aita santuak otsailean deitu duen bilerara Ricardo Blazquez presidenteak eramango duen dokumentazioa prestatzea ere batzorde berri horren ardura izango da.
Alabaina, El Pais egunkariak jakinarazi duenez, batzorde horretako presidentea Juan Antonio Menendez Fernandez Astorgako gotzaina izango da. Leongo herri batean izandako sexu-gehiegikeria kasu bat ezkutatzeagatik da ezaguna Menendez, eta horrek hautsak harrotu ditu.