Hezkuntza
Segregazioari aurre egiteko zortzi neurri proposatu ditu Ikastolen Elkarteak
Agentzia | erredakzioa
Besteak beste, eskolaratze batzordeetan eragileak sartzea eta ikastetxe guztietan murgiltze eredua ezartzea eskatu dute ikastolek.
Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan atzerriko jatorri duten ikasleak eskolaratzeko orduan, segregazioaren arazoa gainditzeko zortzi neurri proposatu ditu gaur Ikastolen Elkarteak.
Koldo Tellitu Elkarteko presidenteak eta Nekane Artola presidenteordeak azaldu dutenez, atzerriko jatorria duten ikasleriaren eskolatzea "herri apustu bat" da, eta hala, integrazioaren bidean aurrera egiteko neurri sorta aurkeztu dituzte.
Izan ere, Eskola Kontseiluaren azken txostenean jasotzen denez, atzerriko jatorria duten ikasle gehienak sare publikoan eta kristau eskoletan ematen dute izena. Ikastoletan, salbuespenak salbu, presentzia oso txikia da. Horren arrazoiak zeintzuk diren aztertu du Elkarteak.
Ondorioztatu dutenez, matrikulazio garaitik kanpo egiten diren eskolaratzeetan Jaurlaritzak orain arte izan duen politika "ez da zuzena izan". Izan ere, atzerriko jatorria duen ikasleria bereziki matrikulazio garaitik kanpo eskolatzen da, eta Administrazioak —eskolaratze batzordeen bitartez— matrikulazio zailtasunak dituzten ikastetxeetara bideratu ohi ditu, sare eta eskolen arteko oreka kontuan hartu gabe. Ikastolen elkartearen iritzian, beharrezkoa da eskolaratze batzorde horietan hezkuntzako eragile guztiek parte hartzea.
Urbanismoa aipatu dute arazoaren beste iturburuetako bat gisa. Horren harira, "guetoak" ez sortzeko neurriak eskatu dizkiote Hezkuntza Sailari, eta gurasoek ikastetxea aukeratzeko eta aukera berdintasunerako eskubidea bermatzea.
Era berean, gaur egun indarrean dauden hizkuntza eredu ezberdinak kentzea, eta ikastetxe guztietan murgiltze eredua ezartzea eskatu dute ikastolek.
Atzerriko jatorria duten ume eta gazteak ikastoletara erakartzeaz gain, bertan geratzeko harrera planak garatu dituzte. "Aniztasunaren integrazioa ikastolaren jardueraren ildoa da, beharrizan bereziko ikasleek ikastola guztietan tokia dute. Horretarako konfiantza eman behar diegu gure ikastoletara iristen diren atzerriko jatorria duten ikasleei, azaldu dute.
Halaber, eragile ezberdinei "komunean" aritzea eskatu diete, eta udalen parte hartzea eta integraziora bideratutako laguntzak handitzea beharrezkotzat jo dituzte.
Ikastolen Elkartearen aburuz, segregazioaren arazoak agerian utzi du "hezkuntza sistema bere osotasunean aratuko dun lege bat" behar dela.