Migrazioa
Eusko Jaurlaritzak bi milioi euro jasoko ditu, adingabe atzerritarrei laguntzeko
agentziak | erredakzioa
Bestalde, laguntzak horiek emateko irizpideak zeintzuk diren argitzeko eta bakarrik heltzen diren haurrak banatzeko kuotak ezartzeko eskatu diote euskal erakundeek Espainiako Gobernuari.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Espainiako Gobernuak 2.055.569 euro emango dizkio Eusko Jaurlaritzari, Euskal Autonomia Erkidegora bakarrik heltzen diren adingabe atzerritarrei laguntzeko.
Egun, 275 adingabe dauden migratzaileentzako Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zentroetan.
Espainiako Gobernuak, guztira, 40 milioi euro bideratu ditu autonomia erkidegoetara, bakarrik datozen haurrak artatzeko.
Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizaterako Ministerioak zehaztu duenez, EAE, Andaluzia eta Katalunia dira laguntza ekonomiko gehien jasoko duten erkidegoak.
Gaztela eta Leonek, Extremadurak eta Asturiasek adingabe atzerritar gehiago hartzeko prest agertu dira. Euskal Autonomia Erkidegoak, ostera, ez du beste erkidegoetara heltzen diren haurrik hartuko.
Euskal erakundeek "gardentasuna" exijitu dute
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek auzi honetan "gardentasunez" jokatzeko exijitu diote Espainiako Gobernuari.
Agiri bateratu batean, euskal erakundeek salatu dute Espainiako Gobernuak ez duela argitu zeintzuk diren laguntza horiek emateko irizpideak, eta oraindik ez dituela bakarrik heltzen diren adingabeak erkidegoetan banatzeko kuotak zehaztu.
Euskal erakundeek azaldu dutenez, joan den irailaren 4ean, Osasun, Kontsumo eta Gizarte Ongizateko Ministerioari irizpide teknikoetan oinarritutako 'Share' proposamena helarazi zioten, besteak beste, haur atzerritarrak banatzeko nahiz diru-laguntzak ezartzeko gomendioak bilduz.
Alabaina, inolako erantzunik jaso ez dutela kritikatu dute. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek egindako lanarekiko "errespetua" eskatu dute eta arazo honi aurre egiteko erkidego guztien artean "benetako koordinazioa eraginkorra" egin dezala exijitu diote Espainiako Gobernuari.