Itxi

Rikardo Arregi sariak

Rikardo Arregi sariarekin nabarmendu dute EiTB taldea

EITB.EUS

Leer en Castellano

Azken 50 urteotan euskarazko kazetaritzan mugarri izan diren hamar ekimen saritu dituzte, tartean Anaitasuna, Ttipi-Ttapa eta Argia aldizkariak, Euskaldunon Egunaria eta EiTB.

Your browser doesn’t support HTML5 video

EiTB komunikazio taldeak jaso du gaur arratsaldean Andoainen banatu diren Rikardo Arregi sarietako bat. Andoaingo Udalak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren laguntzaz antolatutako kazetaritza sarien 30. edizioa '30 urte, 10 mugarri' lelopean ospatu da. Bertan, azken 50 urteotan euskarazko komunikazio arloan protagonista izan diren hamar ekimen nabarmendu dira.

Euskal Irrati Telebistarekin batera, azken hamarkadetan euskarazko kazetaritzak egin duen ibilbidean mugarri izan diren beste bederatzi eragile nabarmendu dira: Anaitasuna, 30 urtetan (1953tik 1982ra) argitaratu zen aldizkari orokorra; Argia aldizkaria (1919an Zeruko Argia bezala sortu zena);  Lesakan egoitza duen eta 1982tik argitaratzen den Ttipi-Ttapa aldizkaria, Nafarroako Mendialdeko albisteak lantzen dituena; UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea; Elhuyar aldizkaria; Euskaldunon Egunkaria; Euskal Irratiak Iparraldeko federazioa; eibar.org webgunea, eta Goiena komunikazio taldea.

EiTBren izenean, Maite Iturbe zuzendari nagusiak hartu du saria Luzien Etxezaharreta kazetari eta idazlearen eskutik. Epaimahaiak aipatutako arrazoi ugarien artean ageri dira honakoak: "Euskarazko kazetaritzaren aitzindariak aitzindari, lehen uzta oso eta betea 1982an hasi ginen jasotzen. EiTBko kazetariek, kazetari-hizkera betea osatu dute urtez urte kiroletan, politikan eta beste hamaika esparrutan. Hizkuntzari dagokionez, herritarrak euskaraz informatu eta entretenitzerakoan, bultzagile izan dira medio honetako kazetariak. Hizkuntza eta gizartea, biak aberastu ditu mugarri honek".

Rikardo Arregi sarien XXX. edizioko epaimahaia osatu dutenak ondorengoak dira: mahaikide izan dira Miren Azkarate, Jose Inazio Basterretxea, Allande Boutin, Aingeru Epaltza, Elixabete Larrinaga, Jon Unanue, Arantxa Urretabizkaia eta Aitor Zuberogoita; eta mahaiburu eta idazkari lanetan aritu dira, hurrenez hurren, Ainara Rodriguez Zalakain, Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia, eta Patxi Baztarrika, Euskara Zerbitzuaren arduraduna.

Andoaingo Bastero kulturgunean egin den ekitaldia Ilaski Serrano eta Dani Alvarez EiTBko kazetariek gidatu dute. Sari banaketarekin batera, zuzeneko musika emanaldiaz gozatu ahal izan dute bertaratu direnek, Joxan Goikoetxea eta Iosune Marin musikarien eta Olatz Prat abeslariaren eskutik.

Halaber, Zubi lana dokumentalaren pasarte labur bat ikusteko aukera ere izan dute. ETBk eta On Time ekoiztetxeak egindako ikus-entzunezko honek euskarazko komunikazioaren azken 50 urteetako errepasoa egiten du. Astelehen gauean izango da ikusgai ETB1en 23:30ean.

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)