Frankismoa
Lapurtutako umeen senideei laguntza eskainiko die Jaurlaritzak
Erredakzioa
Justizia Sailak biktimak artatzeko duen zerbitzuaren bidez laguntza psikologikoa bideratuko dutela azaldu du Idoia Mendia sailburuak.
Frankismo garaian, ospitaletan lapurtutako umeen senideei laguntza psikologikoa emango die Eusko Jaurlaritzak.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburua Flor Diaz ANADIR (Adopzio Irregularretako Biktimen Elkarte Nazionala) elkarteko bozeramailearekin eta Ines Ibañez de Maeztu Giza Eskubideen zuzendariarekin bildu da eguerdian.
Justizia Sailak biktimak artatzeko duen zerbitzuaren bidez laguntza psikologikoa bideratuko dutela azaldu du Mendiak.
Lapurtutako 261 ume daudela salatu zuen ANADIR elkarteak Estatuko Fiskaltza Nagusiaren aurrean, urtarrilean, aurkeztutako demanda bateratuan. Ume horietatik 40 Euskadin lapurtu zituzten. Orain kopuru horrek gora egin du eta 70 kasu salatu dituzte dagoeneko.
Entzuteko borondatea
Mendiaren ahotan, Exekutiboak desagertutako umeen senideak entzuteko borondatea duela argi uzten du gaurko bilerak.
Bestalde, salatutako kasuak ikertzen hasi da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Fiskaltza. Era berean, Ministerio Publikoari laguntzeko prest azaldu da Jaurlaritza.