Itxi

Eusko Jaurlaritzaren lana

Ikasleen % 22 atzerritar jatorrikoak dira Lehen Hezkuntzako sare publikoan

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Itunpeko zentroetan, berriz, % 9,6 dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), sare publikoaren eta itunpeko zentroen arteko ezberdintasuna ez da hain nabaria.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Jatorriz atzerritarrak diren ikasleen eskolatzearen inguruko errealitatea aztertzen duen lan bat kaleratu du astelehen honetan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eskola-sistemari dagokionez, Lehen Hezkuntzako eskola publikoetan matrikulatutako ikasleen % 22,8 atzerritar jatorrikoak dira, eta, itunpekoetan, berriz, % 9,6.

Dena dela, sare publikoaren eta itunpeko zentroen arteko ezberdintasuna ez da hain nabaria Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH). Izan ere, nazioarteko herrialdeetan jaiotako ikasleak % 18 dira eskola publikoetan, eta itunpeko zentroetan, aldiz, % 11,6.

EAEko eskola-sisteman, jatorri atzerritarra daukaten ikasleak % 15,7 dira (Lehen Hezkuntzan % 16,4 eta DBHn % 14,6). Gauzak horrela, Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban matrikulatutako ikasleetatik, 33.079 jatorri atzerritarra dute (21.227 Lehen Hezkuntzan eta 11.852 DBHn).

Araban matrikulatuta daude ikasle gehienak

Lurralde historikoei dagokienez, jatorriz atzerritarrak diren ikasle gehienak Araban matrikulatuta daude (% 25 Lehen Hezkuntzan eta % 20 DBHn), izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan % 15 dira. Lehen Hezkuntzan, jatorri atzerritarreko ikasleen % 84 sare publikoan dago matrikulatuta Araban. Datu hori % 68koa da Gipuzkoan, eta % 67koa Bizkaian.

Arabari dagokionez, Gasteizen eta Arabako Errioxan daude matrikulatuta atzerritar jatorriko ikasle gehien. Bizkaian, Bilboko erdigunean batez ere. Alabaina, Gipuzkoan, datu hori sakabanatuago dago, izan ere, jatorriz atzerritarrak diren ikasleak udalerri askotako eskoletan eta zentroetan matrikulatuta daude.

Sare publikoan ere ezberdintasun nabarmenak daude

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak goizean egindako agerraldian azaldu duenez, Inmigrazioaren Euskal Behatokiarekin batera egin dute azterlana. Ildo horretatik, sare publikoa osatzen duten zentroen artean ere ezberdintasunak daudela nabarmendu du.

Gauzak horrela, 280 zentro publiko inguruk (% 70) behar baino atzerritar jatorriko ikasle gutxiago dituztela esan du Uriartek, haien eremu demografikoa kontuan izanik. Gainera, euskal eskola-sistemaren parte diren eskola publikoen % 7,6k jatorri atzerritarra duten ikasleen erdia hartzen dituzte (% 50), eta beste % 8 zentrok ikasleen %30 eta % 40 artean.

Ildo horretatik, EAEko eskola-sisteman matrikulatuta dauden jatorri atzerritarreko ikasleen kopuruan berdintasuna lortzeko “irtenbide magikorik ez dagoela” azpimarratu du Hezkuntza Sailburuak. Dena dela, Eusko Jaurlaritzak egindako lan honi esker  “azterketa sakonagoa” egin daitekeela ziurtatu du, batik bat, eremu demografiko bakoitzean “neurri zehatzak” hartzeko balio dezakeena.

Proposamenak

Uriartek jakinarazi duenez, Hezkuntza Sailak hainbat “erronka eta lehentasun” identifikatu ditu, eskola mapan “kohesio eta ekitate handiagoa” lortzeko helburuarekin. Hezkuntza sailburuak aitortu duenez, horietako neurri batzuk martxan jarri dituzte jada, baina datozen hilabeteotan moldatu edo indartu egingo dituzte. Besteak beste, ondorengo erronkak ditu Hezkuntza Sailak: sarbidea aukera berdintasunean bermatzea, bizikidetza positiboa bultzatzea (eskola inklusiboa ardatz izanik), jatorri atzerritarreko ikasle iritsi berrien harrera egokia erraztea, aniztasunari ekitatez erantzuteko baliabideak egokitzea edota erakunde publikoen arteko ekintza koordinatua bultzatzea.

Hezkuntza jarduera jatorri atzerritarreko ikasleek dituzten  berariazko premietara egokitzeko helburua du Jaurlaritzak. Hala, Hezkuntza Behar Berezietan emaitza altuenak dituzten 120 zentroak “lehenetsi” nahi ditu, Uriartek esan duenez, eta proiektu berritzaileak sustatuko ditu aniztasun soziokulturalik altuena duten ikastetxeetan.  Jatorri atzerritarreko ikasle gehien eskolaratzen dituzten zentroak dira horiek, baita zailtasun ekonomikoak dituzten ikasleak ere.

Gainera, ikasle berrien onarpenean legedia bermatzeko kontrol handiagoa ezarriko dute matrikulazio kanpainetan, desoreka handieneko zonaldeetan Udal Eskola Kontseiluak bultzatuko dituzte, eta ikasturtea hasita dagoenean, Euskadira iristen diren ikasleei zuzendutako eskolatze-osagarriko programa bultzatuko dute.

Albisteak (1)

Bideoak (1)