Trafikoa
Txirrindulari estatubatuar bat hil da Nafarroan, Donejakue bidea egiten ari zela
Agentziak | Erredakzioa
N-135 errepidean izan da heriotza, Ibañetako gainean. Oraindik ez dakite zergatik hil den. Guardia Zibilaren esku dago ikerketa.
Txirrindulari estatubatuar bat hil da, N-135 errepidean, Donejakue Bidea egiten ari zen bitartean, Ibañetako gainean (Nafarroa).
15:45ean, errepidetik zihoazen bi pertsonak larrialdi zerbitzuetara deitu dute, lurrean konorterik gabeko txirrindulari bat zegoela ohartarazita.
Txirrindularia, Erresuma Batuan jaiotako 43 urteko gizon estatubatuarra, Donejakue Bidea egiten ari zen. Ibañetako mendatea igotzen ari zen, Orreagara bidean. SOS Nafarroak talde mediko bat, Auritzeko parkeko suhiltzaile bat, anbulantzia bat eta helikoptero bat bidali ditu lekura. Guardia Zibilaren patruila bat ere bertaratu da.
Txirrindularia topatu duten bi pertsonak suspertze maniobrak egin dizkiote, geroago autobus batean zihoazen erizain batek ere lagunduta. Hala ere, ahaleginek ez dute emaitzarik izan, eta txirrindularia hil egin da.
Medikuak ez du heriotza egiaztatu, kausa ezezaguna delako, eta gorpua jasotzeko zain dago. Agoitzeko epaitegiak bere gain hartuko du.
Ikerketa Guardia Zibilaren esku geratu da.