Astronomia
Igande goizaldea izango da Leoniden izar-euria ikusteko momentu aproposena
Agentziak | Erredakzioa
Izan iheskorrak ikusteko unerik onena igande goizaldean izango da, larunbat gauerdian hasita, baina ilgora izango denez, baldintzak ez dira egokienak.
Leoniden izar-euria asteburu honetan ikusi ahalko da bereziki. Urtero azaroaren 14tik 30era dago ikusgai, baina momenturik gorena igande goizaldean izango da (larunbat gauerdian hasita), Espainiako Astronomia-Behatokiak iragarri duenez.
Hala ere, aurtengo baldintzak ez dira egokienak, momentu horretan ilgora izango delako.
Izar-euri hau apala izaten da, —10-20 meteoro orduko—. Aurten, ordea, 20tik gora meteoro orduko aktibitatea aurreikusten da.
Nondik datoz izar iheskor hauek?
Leoniden meteoroak 55P/Tempel-Tuttle kometaren zatiak dira. 1865ean aurkitu zuten, eta 33,2 urtekoa da bere orbitaren periodoa. Urtero bezala azaro erdialdean, kometa honetako puska asko dituen eraztun bat zeharkatzen du Lurrak. Eguzkitik hurbil igarotzen denean askatzen zaizkio zatiak kometari. Meteoroide horietako bat Lurraren atmosferarekin kontaktuan sartzean, airearen eraginez lurruntzen da, meteoro edo izar iheskor izenarekin ezagutzen den dirdira sortuz.
Izar-euri baten meteoro guztiek, zeruan ikustean, iturburu edo jatorri bera daukatela ematen du, eta kokapen hori erabiltzen da izendatzeko. Kasu honetan, Leonidek Leoko konstelazioan dute jatorria.
33 urtero, Leonidek "meteoro ekaitza izugarriak" sortzen dituzte, milaka meteoro orduko frekuentziara ere helduta. Hori geratzen da 55P/Tempel-Tuttle kometa bere orbitaren periheliotik igarotzen delako. Horrela gertatu zen 1833an, 1866an, 1966an, 1999an eta 2001ean. Bereziki gogoratzen da 1833ko azaroaren 13ko ekaitza, Estatu Batuetako mendebaldeko kostan.
Nola ikusi
Fenomeno astronomiko hau ikusteko beharrezkoa da zerua ilun egotea, eta onena oztopo gutxi dituen leku batetik begiratzea da, ikuspegia murrizten dituzten tresna optikorik erabili gabe.