Itxi

Sexu abusuak

Biktima guztiei babesa adierazi diete, eta abusuak gaitzetsi dituzte Basaurin

M.D. | eitb.eus

Leer en Castellano

Salaketa jarri duen gizonetako baten emazteak "zero tolerantzia" eskatu du, eta Basaurin "biktima asko" egon litekeela ohartarazi du. Kasuak kontatzera eta salatzera animatu ditu.

Sexu abusuen aurkako elkarretaratzea Basaurin / Irudia: EITB.

2.000 pertsona inguru bildu dira Basaurin adingabeei egindako sexu abusuak salatzeko eta biktimak babesteko, aste honetan bi herritarrek umetan futbol entrenatzaile batengandik sexu jazarpena jasan zutela publikoki salatu eta gero.

Arizgoiti plazan bildutakoek "edozein motatako erasoak", adingabeak bezalako "kolektibo ahul baten aurka egindakoak" bereziki, gaitzetsi eta arbuiatu dituzte.

Elkarretaratzea bukatzean, salaketa jarritako Peperen emazteak "zero tolerantzia" eskatu du "mota guztietako abusuentzat" eta "beste alde batera begiratu eta begiratzen dutenentzat".

Era berean, "predatzaile sexual" honen biktima guztiak animatu ditu bere kasua kontatzera eta salatzera, horrek bizi duten "infernutik ateraraziko"dituelako eta.

Emakumeak argitu duenez, sare sozialen bidezko salaketa azken urratsa izan zen, "dauden ate guztiak jo ostean", eta azkenik, Basaurin "sexu abusuen biktima asko egon litekeela" ohartarazi du, eta instituzioei horiei laguntzeko erakundeak sor ditzatela eskatu die.

Salaketa jarri duen gizonetako baten emazteak "zero tolerantzia" eskatu du, eta Basaurin "biktima asko" egon litekeela ohartarazi du. Kasuak kontatzera eta salatzera animatu ditu.

Erakundeen eta futbol eskolaren gaitzespena

Basauriko Udaleko talde politiko guztiek eta zinegotzi independenteak biktimei elkartasuna adieraztera deitu zituen herritarrak adierazpen bateratu batean, eta "salaketen aurrean beharrezko ikerketak eta ekintzak aurrera eramateko" eskatu diete erakunde guztiei.

Aste honetan, Baskonia Futbol Eskolak entrenatzailea bota du taldetik, eta "sexu-askatasuna eta sexu-ukigabetasuna urratzen dituzten jarrerei erabateko gaitzespena" adierazi zien. Entrenatzaileak futbol eskola honetan lan egiten zuen, baina salaketak 1981ko gertakizunen ingurukoak dira, eskola sortu baino lehenagokoak.

Horregatik azaldu zuten sortu zenetik "gaur egunera arte” ez dela “adingabeen kontrako sexu abusurik gertatu, ezta beste sexu-askatasuna eta sexu-ukigabetasunaren kontrako deliturik".

Biktimei elkartasuna adierazteko, futbol eskolak azaroaren 19ko, astelehena, entrenamendu guztiak bertan behera utzi ditu, Sexu Abusua eta Umeei egindako Tratu Txarrak Saihesteko Egunaren harira.

Albisteak (3)