Itxi

2015-2016 ikasturtean

Gasteizko ikastetxe bat zigortu dute, ikasle batek tratu txarrak jasan ostean

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Epaian zehazten da gazteak ez zuela eskola-jazarpenik pairatu, beste ikasle baten partetik tratu txarrak jasan zituela baizik.

Lehen Auzialdiko Epaitegi batek 3.000 euroko zigorra ezarri dio Gasteizko ikastetxe bati, adingabe batek eskolan tratu txarrak jasan eta arduradunek “behar besteko neurriak” hartu ez izana egotzita. Izan ere, 6 urteko ikasle ohi baten gurasoek salatu zutenez, ikasle batek tratu txarrak eman zizkion. Alabaina, epaian zehazten da gazteak ez zuela eskola-jazarpenik jasan, beste ikasle baten partetik tratu txarrak pairatu zituela baizik.

Ikasle horren gurasoek Gasteizko Nazareth Salesianas ikastetxearen kontrako demanda bat aurkeztu zuten epaitegian, baina behin-behinean artxibatu zutenez helegitea jarri zuten Auzitegi Gorenean. Orduan, ikastetxeak ez zuela inolako deliturik egin ebatsi zuen.

Dena dela, 2015-2016 ikasturtean ikasleak eskola-jazarpenik jasan ote zuen argitzeko aukera zabalik utzi zuen epaileak. Ebazpen horrek ez zuenez administrazio bidea agortu, gurasoek beste helegite bat jarri zuten, ikastetxeak arazoari irtenbide bat emateko bere esku zituen neurri guztiak hartu ote zituen argitzeko eta, ondorioz, adingabeak pairatu zituen tratu txarren erantzulea izan ote zen jakiteko.

Medikuek egindako txostenen arabera, adingabeak “eraso bortitzak” jasan zituen beste ikasle baten partetik: “Belarrian kosk egin zion, arkatz bat sartu zion, ostikoak eman zizkion eta ikaskideen aurrean iraindu zuen”. Hala, epaiak dio klasera joan behar zenean horrek guztiak “estutasuna eta beldurra” sortu ziola.

Epaitegiaren esanez, adin horretako ikasleekin ez da erraza argitzea eskola-jazarpena izan ote den ala ikasle horrek tratu txarrak jasan dituen. Izan ere, bullying-a izan dela frogatutzat emateko pertsona batek behin eta berriz jasan behar ditu tratu txarrak. Kasu horretan, gainera, erasotzaileak biktima ikaratzeko asmoa du, bestearen kontra indarra erabiliz.

Hala, epaiak dioenez, irakasleek ez zuten eskola-jazarpenik hauteman, eta hori ondorioztatzeko bi protokolo jarri zituzten martxan. Gainera, gai horri buruz hitz egiteko bi bilera egin zituzten ikasle horien gurasoekin.

Kasu honetan eskola-jazarpenik egon ez zela ondorioztatu ostean, Lehen Auzialdiko Epaitegiak dio ikastetxe horrek beste neurri batzuk hartu behar zituela egoerari irtenbide bat emateko, hala nola, talde-dinamikak eta bakarkako ekintzak.

Arrazoi horregatik, ikastetxeak 3.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, gurasoek 13.481 euro eskatu zituzten arren. Izan ere, gaztea psikologoarengana eraman zutenerako, ikastetxez aldatu zuten, eta egoera bestelakoa zen jada.