Manifestazioa, azaroaren 25ean
Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen martxa Iruñean, 'Jokoa bukatu da' lelopean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egun dela eta, Iruñean iganderako deitutako manifestazioan parte hartzeko deia egin du Nafarroako aipatu plataformak.
Hogeigarren urteurrena bete duen Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumeen Plataformak igandean Iruñean egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die herritarrei. Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, "Game over indarkeria sexistari. Kitto" leloari eutsita, Nafarroako hiriburuko kaleak zeharkatuko dituzte manifestariek azaroaren 25ean.
Kenia Cordero aipatu plataformako bozeramaileak prentsaurreko batean adierazi duenez, mezu argia zabaldu nahi dute: "heteropatriarkatuarentzat eta konplizeentzat jokoa amaitu da". Horixe da, hain justu, Gaztelu Plazatik aterako den manifestazioan defendatuko dutena.
"Nazkatuta gaude eguneroko indarkeriarekin, arlo ekonomikoan, sexualean, fisikoan edo psikologikoan gertatzen diren erasoekin; hots, kalean, lanean edo eguneroko bizimoduan jazotzen den indarkeriarekin, eta egoera horren aurrean, ez dugu 'aitzakia' gehiagorik onartuko", azaldu du.
"Erasoak zalantzan jartzen dituen eta errua botatzen digun justizia patriarkal eta matxistari amaitu zaio jokoa", esan du plataformako bozeramaileak. Halaber, erasotzaileek emakumeei egindako kalteak ordaintzea eskatu du. Gainera, gogor kritikatu du askotan poliziek indarkeria matxista kasuetan behar bezala jokatzen ez dutela.
"Erakundeentzat eta alderdi politikoentzat ere bukatu da jokoa, hitzetatik ekintzetara igarotzeko unea iritsi da, nazkatuta gaude asmo onekin, promesekin, itunekin, betetzen ez diren legeekin eta ekarpen ekonomiko urriekin", gaineratu du.
Modu berean, neoliberalismoarentzat ere jokoa amaituta dagoela azpimarratu du, emakumezkoen eta gizonezkoen artean dagoen berdintasun ezaz baliatzen direla iritzita. "Lana sexuen arabera banatzen dute, soldaten arteko ezberdintasuna nabaria da eta lan ezegonkorrenak emakumeentzat izaten dira", salatu dute.