Itxi

Osakidetza

Mugica lekuko gisa deklaratzera deitu dute, Osakidetzako lan eskaintza dela eta

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Azaroaren 15ean dimisioa eman zuen, 2016-2017 urteei dagokien Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan (LEP) atzemandako irregulartasunen ostean.

Maria Jesus Mugica. ETB

Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusi ohia lekuko gisa deklaratzera deitu du asteazken honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiak, 2016-2017 urteei dagokien Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan (LEP) ELA sindikatuak salatutako irregulartasunen harira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak ohar bateratu bat kaleratu dute gaur, Fiskaltzak Osakidetzako zuzendari nagusi ohia “lekuko bezala deklaratzera deitu egin duela” jakinarazteko. Mugicak azaroaren 15ean eman zuen dimisioa, azken lan eskaintza publikoan atzemandako irregulartasunen ostean.

Ildo horretatik, Fiskaltzari eta Arartekoari “kolaboraziorako borondatea” agertu diote Osasun Sailak eta Osakidetzak, erakundeek “behar duten edozertarako”.

Astelehenean, EAEko Fiskaltzak sei hilabete luzatu zuen aurretiazko eginbideen fasea. Horrenbestez, denbora gehiago izango du 19 espezializazioetako azterketetan irregulartasunak izan ziren ala ez argitzeko. Fiskaltzak esku artean dokumentu bolumen handia duelako eta lekukotasun ugari dituelako luzatu zuen ikertzeko epea.

Gauzak horrela, irregulartasunak izan ziren ala ez zehazteko Fiskaltza egiten ari den ikerketak urtebete iraungo du. Epe hori amaitutakoan, auzibideak aurrera jarraitzen duen edo kasua artxibatzen duen erabaki beharko du Fiskaltzak.

ELA, LAB, ESK eta CCOO sindikatuek fiskaltzara jo zuten ekainean, eta Osakidetzako oposizioetan izandako ustezko iruzurra ikertzea eskatu zuten. Halaber, irregulartasunak egon zirela frogatuko luketen dokumentuak aurkeztu zituzten.

Mugicak azaldu zuenez, LEParen inguruko kudeaketak Osasun Sailean eta Jaurlaritzan eragin politikoak izatea saihestu nahi zuelako aurkeztu zuen dimisioa.

Guztira, 72.500 pertsona aurkeztu ziren hautaprobetara, eta hainbat azterketatan izandako irregulartasunen harira aurkeztutako salaketen ostean erabaki zuten gertatutakoa ikertzea. Halaber, hiru espezialitateko bost azterketa errepikatu zituzten.

Albisteak (4)