INTERNET BIDEZKO EROSKETAK
Sarean erosketak modu seguruan egiteko aholkuak
EITB.EUS
Gabonetako kanpainari begira, Ertzaintzak segurtasun neurriak areagotzea gomendatzen die erosleei, engainuak edo iruzurrak saihesteko.
"Black Friday" egunari eta Gabonetako kanpainari begira, Ertzaintzak segurtasun neurriak areagotzea gomendatzen die erosketak sarean egiteko ohitura duten herritarrei. Engainu edo iruzurrak saihesteko, besteak beste, helbidean https eta giltzarrapoa duten webguneetan erostea edota beste erosleen iruzkinak irakurtzea aholkatzen du Ertzaintzak.
Gero eta ohikoagoa da erosketak online egitea, eta iruzurren kopurua ere gora egiten ari da. Hori dela eta, Ertzaintzak gomendioak eman ditu.
Erosi aurretik
Eskaintza erakargarriegia baldin bada, ez fidatu, webgunea bera iruzurra izan daiteke.
Saltzailea nor den ikertu. Egiaztatu sareko saltokia segurua den ala ez eta saltzaileak datu pertsonalen tratamenduari buruzko informaziorik ematen duen. Kokapena non duen eta sareko saltokiaren arduraduna nor den zehaztu behar du.
Konfiantza zigiluak dituzten saltokiek berme hobeak eskaintzen dituzte.
Berrikusi bezeroen iruzkinak, bai webgune horretan bertan eta baita kanpoan ere. Kontrastatu informazioa.
Webgunea fidagarria iruditzen den kasuetan soilik erosi.
Erosketa egiterakoan
Ez erabili ordenagailu publikoak, ezta seguruak ez diren sare publikoak ere.
Egiaztatu nabigatzaileko helbidea zuzena den ala ez eta egiaztatu ez dutela faltsutu. Halaber, begiratu helbidean https eta giltzarrapoa ote dituen.
Posible bada, txartel bakarra erabili Interneten erosketak egiteko.
Tentu handiz aukeratu ordaintzeko modua. Aukera onena, produktua jasotzean ordaintzea.
Erosketa egin eta hurrengo 14 egunetan posible da inolako azalpenik eman gabe itzulketa eskatzea.
Segurtasun neurri orokorrak
Babestu gailu elektronikoak (antibirusekin eta dena delakoekin) eta Interneteko nabigatzailea eguneratuta izan.