Irregulartasunak
Legebiltzarrak abenduaren 12an erabakiko du Osakidetzako LEPa ikertzen duen
Agentziak | Erredakzioa
2016-2017 urteei dagokien Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan (LEP) salatutako irregulartasunak argitzeko Jaurlaritzak oraindik ez duela neurri zehatzik hartu salatu du EH Bilduk.
Eusko Legebiltzarrak datorren abenduaren 12ko osoko bilkuran erabakiko du Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoan (LEP) irregulartasunak izan ote ziren argitzeko ikerketa batzordea osatzen ote duen.
EH Bilduk joan den uztailean egin zuen eskaera, eta, koalizio abertzaleak ostiral honetan jakinarazi duenez, abenduan Legebiltzarrak egingo duen lehen bileran hitz egingo dute gai horren inguruan. EH Bilduk azaldu duenez, Osakidetzako LEPan atzemandako irregulartasun horien aurrean Iñigo Urkulluren gobernuak ez du neurri zehatzik hartu oraindik. Horrenbestez, “denbora agortu” dela ziurtatu du koalizioak.
Elkarrekin Podemosek uztailean jakinarazi zuenez, babesa emango dio EH Bilduren proposamenari, baina, talde horren babesa ez da nahikoa ikerketa batzordea osatzeko. Gauzak horrela, PPren babesa ezinbestekoa izango da proposamenak aurrera egin dezan.
“Ardura handiz eta seriotasunez egin dugu lan. Neurri zehatzak hartzeko denbora nahikoa eman diogu Eusko Jaurlaritzari. Zalantzarik gabe, ez dute horretarako asmorik agertu”, azpimarratu du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. Bere iritziz “oso kezkagarria da” Jaurlaritzak erakutsi duen “gelditasuna”.
Uberaren esanetan, Iñigo Urkulluk ez du neurri zehatzik aipatu Osakidetzaren inguruan hitzi egin duenean, eta Jon Darpon Osasun sailburuak ikerketa batzordea ez osatzeko arrazoirik ez duela eman gaineratu du.
Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusi ohiaren dimisioa positibotzat hartu du Uberak, baina berandu datorrela eta ez dela nahikoa ziurtatu du. “Gakoa ez datza pertsona bat kargutik kendu eta beste bat jartzean, gauza bera egiten jarraitzen baita”.
Gainera, Fiskaltzak gertatutakoa argitzeko "zantzu ugari" dituenez, Maria Jesus Mugica lekuko gisa deklaratzera deitu zuela gogora ekarri du Uberak.
“Osakidetzan gertatutakoa argitzeko haratago joan behar da”, azpimarratu du EH Bilduko legebiltzarkideak. Bere iritziz, oposaketena ez da ezbaian dagoen eredua bakarra, giza baliabideei eragiten baitie.