Itxi

Talidomida

Talidomidak ustez kaltetutako 28 kasu helarazi dizkio Eusko Jaurlaritzak Espainiari

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Farmakoak haurdunaldiko goragaleak arintzeko merkaturatu zen, baina erretiratu egin zen gero, malformazioak sortzen zituelako.

Erregistroan parte hartu duten 28 pertsonetako bat / Irudia: EITB.

Talidomidak eragindako sortzetiko anomaliak dituztela sumatzen duten 28 pertsonen analisi klinikoak eta dagozkien diagnostikoak eman dizkio Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, farmako zahar horrek kaltetutakoen Estatu osoko erregistro bat sortzera begira.

Horrela, Osasun sailak eta Osakidetzak erregistro hori osatzeko beharrezkoak diren lan klinikoak eta ebaluazio diagnostikoak bukatu dituzte.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Genetika Zerbitzuak koordinatu ditu probak. Bertan ezarri da EAE osoko Unitate diagnostikoa.

Balorazio medikoa eskatu duten 28 pertsonek uste dute pairatzen duten sortzetiko anomaliek euren amek talidomida hartzean dutela jatorria. Farmako hori haurdunaldiko goragaleak arintzeko merkaturatu zen, baina erretiratu egin zen gero.

Helburua Estatu mailako erregistro bat osatzea da. 1950-1985 artean talidomidak sortutako malformazioekin bateragarriak diren eta beste enbriopatiek edo asaldura kromosomikoek sortuta ez diren anomaliak pairatu zituztenen zerrenda egin nahi dute.

Urtarrila eta ekaina bitartean egin zituzten probak, eta orain Batzorde Zientifiko-Teknikoak Estatu osoko informazio klinikoa egiaztatzeko eta behin betiko diagnostikoak ondorioztatzeko zain geratu dira ebaluatutako pertsonak.

Erregistroaren helburua, Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, kaltetutako pertsonak daudela aitortzea da, "gero ekonomikoak bezalako beste onarpenak aldarrikatu ahal izateko".

EAEn, Kardiologia, Oftalmologia, Otorrinolaringologia eta Erradiodiagnostikoko langileek egin dituzte 28 pertsonen probak, genetista kliniko eta molekularrekin elkarlanean.

Jaurlaritzaren arabera, ustezko kaltetu hauek atzemateko "ezinbestekoa" izan da Lehen mailako arretako langileen parte-hartzea eta Osasun saila eta Osakidetza Espainiako Talidomidaren Biktimen Elkartearekin (Avite) koordinatzea.

Exekutiboak nabarmendu duenez, Avitek Osasun sailaren eta Osakidetzaren "inplikazioa, eraginkortasuna, gardentasuna eta lankidetza" eskertu du.

"Espainiako Gobernuari pertsona hauen egoeragatik dugun kezka helarazi diogu aspalditik, hura delako lagun hauen eskaera nagusiei erantzuna emateko eskumenak dituen erakunde bakarra", esan du Jaurlaritzak.

Jon Darpon Osasun sailburuarentzat, kaltetuen erregistroa sortzea "beharrezkoa den onarpenaren bidean urrats garrantzitsua da", eta azpimarratu du Jaurlaritza lankidetzan aritzeko prest dagoela.