Itxi

Euskaraldia

Euskal Herri osoko 220.000 pertsonak egin dute bat Euskaraldiarekin

EUROPA PRESS

Leer en Castellano

Antolatzaileak pozik agertu dira herritarrek eman duten erantzunarekin, eta 'ahobizi' eta 'belarriprest' izaten jarraitzeko deia luzatu dute. Ikerketa bat egingo dute ekimenaren eragina neurtzeko.

Euskaraldia ekimenaren aurkezpena Nafarroan. Argazkia: Euskaraldia

Euskaraldia ariketa sozialean izena emateko epea astearte gauerdian itxi zen eta lehen egunetan ekimenera batu nahi izan duten herritarren kopurua handia izan da, bere arduradunek jakinarazi dutenez.

Horrela, euskara ulertzeko gai diren Euskal Herri osoko 16 urte baino gehiagoko 220.000 lagunek eman dute izena dinamikan parte hartzeko, Euskaraldiaren webgunearen bidez edo herrietako batzordeek jarritako informazio guneetan.

Astebete da 'Euskaraldia: 11 egun euskaraz' ariketa soziala hasi zela, eta zazpigarren eguna bete du ostegun honetan. Ariketaren lehen egunetan Euskaraldia izaten ari den eragina handia izan dela azpimarratu dute arduradunek, kalean 'ahobizi' eta 'belarriprest' txapa duen jende kopurua eta sare sozialetan izaten ari den presentzia aintzat hartuta.

Ekimenaren azken txanpan partaideei abiatutako hizkuntza ohitura aldaketei eusteko deia egin diete Euskaraldiaren koordinatzaileek.

Euskaraldia hasi aurretik jakinarazi zutenez, izena eman dutenen % 73 'ahobizi' modura jarduteko batu dira ekimenera, eta % 27 ari da 'belarriprest' modura parte hartzen. Partaideen % 36k 16 eta 35 urte artean du, eta % 62 emakumezkoa da.

Euskal Herriko 405 udalerritan osatu dira Euskaraldia antolatzeko batzordeak eta horietan guztietan eman ahal izan da izena. Horrez gain, ia 200 enpresa eta entitate sustatzailek bultzatu du izen-ematea bere langile eta kideen artean. Herriz herri eta entitatez entitate osatu den milaka boluntarioren sare zabala dago Euskaraldiaren azken txanpako antolaketa lanei heltzeko prest.

Herritarrak protagonista

Halaber, antolatzaileek azken urtean azpimarratu duten modura, herritarrak dira Euskaraldiaren protagonistak, "partaideak baitira, aukeratutako 'ahobizi' edo 'belarriprest' rolari jarraituz, egunerokoan dituzten harremanetan hizkuntza ohiturak aztertu eta aldatzeko ahalegina egiten ari direnak".

"Horregatik, Euskaraldia abiatu denetik, ekimenean izaten ari diren bizipenak partekatzen ari dira hainbat partaide, ariketak sortutako ezustekoak, lorpenak eta zailtasunak lau haizetara zabalduz", azaldu dute.

Ariketa sozialaren koordinatzaileek nabarmendu dutenez, "ekimen berezietatik urrunduz, Euskaraldia herritarren eguneroko harremanetan ari da arrasto handiena uzten, partaideek zabaldutako esperientziei erreparatuz gero".

"Familia giroan, lagunartean, lanean, zerbitzuetan eta administrazioarekiko harremanetan izandako bizipenak ari dira nabarmentzen beste ezeren gainetik. Eta aipatzekoa da esperientzia positibo eta lorpenak nagusi diren arren, eguneroko harremanetan, bereziki hurbilenetan, lorpenak izateak badituela zailtasunak", gaineratu dute.

Horrela, partaideen esperientziak hiru bidetatik ari dira jasotzen nagusiki: batetik, Euskaraldiaren webgunean bizipenak jasotzeko prestatutako espazioan egunero ari dira beren esperientziak bidaltzen; bestetik, sare sozialen eta Interneteko bestelako webguneen bidez, beren egunerokoa egiten ari diren herritarrak asko direla aipatu dute; azkenik, herriz herri, 'belarriprest' eta 'ahobizien' artean esperientziak trukatu eta bizipenak partekatzeko bilguneak antolatzen ari dira.

Azken txanpa

Euskaraldiaren azken egunetarako zenbait ohar zabaldu dituzte sustatzaileek parte-hartzaileen artean. Duela zazpi egun hasitako ariketari eutsi eta identifikazio ikurrak abenduaren 3a arte soinean eramateko deia egin dute batetik, horrek ariketa egiteko babesa eskainiko baitie 'ahobizi' eta 'belarriprest' guztiei.

Bestetik, Euskaraldia esperimentaziorako ekimena ere badela gogoratu dute, ekimenaren eragina neurtzeko ikerketa egiten ari dela azpimarratuz eta partaideek hurrengo egunetan jasoko duten bigarren galdetegia bete dezatela eskatuz.

Azkenik, egunero sareen bidez zabaltzen ari diren gomendio eta aholkuen bidez beren buruak prestatzen jarraitzea proposatu diete izena eman duten herritar guztiei, Euskaraldia ahalduntze ariketa bat dela gogora ekarriz.

Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperatan, azken asteburua bertan izanik, herriz herri topagune eta bilkurak ugaritu egingo dira hurrengo egunetan. Euskaraldia bukatzeko ekitaldiak partaide guztien bilgune izatea espero dute antolatzaileek eta dei egin diete herritar guztiei, Euskaraldian izena eman dutenei eta ez dutenei ere, ekitaldiotan parte har dezaten.

Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzeko Euskal Herriko lurralde guztietan egiten ari den ariketa sozial erraldoia da. Koordinazio taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa aritu dira.

Gainera, era guztietako ia 200 entitatek osatutako sustatzaile sarea izan du Euskaraldiak. Entitate horien artean daude euskararen gizarte eragileak, erakunde publikoak, enpresak eta bestelako gizarte eragileak. Halere, sarea askoz zabalagoa izan da, herriz herri ere euskaltzaleak, erakundeak eta bestelako entitateak (gizarte eragile, elkarte eta enpresak) aritu direlako Euskaraldiaren antolaketan.

Albisteak (3)