CABACAS AUZIA
Cabacas auziko epaia 'adi irakurtzeko' konpromisoa hartu du Beltran de Herediak
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak azpimarratu duenez, Cabacasen heriotza 'atzera bueltarik ez duen akatsa' izan zen. Gaineratu duenez, inflexio puntu bat izan zen Ertzaintzaren jardunbidean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Atzo Cabacas auziko epaia publiko egin ostean, gaur Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak epaia arretaz irakurtzeko konpromisoa agertu du, berriro horrelakorik ez gertatzeko eta Ertzaintzan hobekuntzak egiten jarraitzeko.
Atzo ezaguturiko epaian, Bizkaiko Lurralde Auzitegiak bi urteko espetxe zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zion gaur egun erretiratuta dagoen ertzain bati, 2012ko apirilaren 5 hartan tokian zeuden ertzainen artean maila gorena zuenari. Gainerako bost agenteak absolbitu egin zituen.
Beltran de Herediak eguerdian Gasteizen egin duen agerraldia baliatu nahi izan du beste behin Cabacas familiari eta, bereziki, Manu Cabacas eta Fina Liceranzu gurasoei atsekabea agertzeko. Gaineratu duenez, Iñigo Cabacasen heriotza "atzera bueltarik ez duen akatsa" izan zen.
Beltran de Herediak onartu egin du Cabacasen heriotza "gertaera garrantzitsua" izan zela Ertzaintzarentzat ere, "autokritika" irakurketa egin behar izan zutelako, besteak beste, metodoak, jarraibideak, protokoloak eta materialak aldatuta.
Ildo horretan, berretsi du bai berak eta baita Segurtasun Sailak eta Ertzaintzak ere "epaia goitik behera eta tentuz irakurriko dutela, beharrezko diren hobekuntzak egiteko eta halako gertakaririk berriro ez gertatzeko".
Epaia oraindik irmoa ez bada ere, familiak jarritako ondare-erantzukizuneko auzi-eskea bertan behera uzteko erabakia altxatzea eskatzearen alde agertu da Beltrán de Heredia sailburua.