Euskararen Nazioarteko Eguna
Euskaraldiak euskararen erabilera bultzatzeko bidea zein den erakutsi du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Antolatzaileak eta erakundeak bat datoz: Euskaraldia ekimenak herritarrekin bat egiten asmatu du eta horregatik izan da arrakastatsua. 'Ahobizi' eta 'belarriprest' izaten jarraitzeko deia egin dute.
Your browser doesn’t support HTML5 video
'Euskaraldia, 11 egun euskaraz' ekimenaren amaiera eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldi instituzionala egin dute astelehen arratsaldean Donostiako Kursaal Jauregian.
Ekitaldian, Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du hitza, eta Euskaraldiaren arrakasta azpimarratu du: "Euskarak pizgarri bat behar zuen, eta Euskaraldiak eman dio".
"Herriz herri, eskuz esku, puntadaz puntada, euskararen aldeko sare erraldoia josi dugu. Milaka herritarrek egin dute bat ariketa sozial handi horrekin. Ez da erraza Euskaraldiak jaso duen babesa lortzea", azaldu du.
"Euskaraldiari esker, euskara gehiago entzun dugu, euskaraz gehiago hitz egin dugu gure artean, eta gure hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa hartu dugu", erantsi du.
Horrela, Euskaraldiarekin hasitako bideari jarraitzeko deia egin du lehendakariak: "Biharkoa Euskaraldiaren 12. eguna izango da, eta, ziurrenik, egunik garrantzitsuena. Aurrerantzean ere, egunotan erakutsi dugun jarrerari eusteko gonbita egin nahi dut".
Kursaaleko ekitaldia Dani Alvarez eta Garazi Ayesta EiTBko kazetariek aurkeztu dute, Kukai Dantza Taldearen ikuskizunaz gozatu dute, eta Euskaraldiari lotutako bideoak ikusi ahal izan dituzte bertaratu direnek.
Lehendakariaz gain, Toti Martinez de Lezea idazleak, Elena Laka Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak eta Bingen Zupiria Kultura sailburuak ere hartu dute hitza.
"Gaur, 2018ko abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean eta Euskaraldiaren azkeneko egunean. Atzera begira, zaila da ekimen horren lehen mugarria non dagoen jakitea. Helburua euskaldunok euskaraz hitz egitea zen, baina hori lortzeko bidea eraiki behar zen, eta horrek elkarlana eskatzen zuen. Horrela lortu ziren mugarri batzuk: Santiago zubian, Irunen; Iruñean, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Bulego Publikoak euskara bultzatzeko ituna sinatu zutenean", gogoratu du Zupiriak.
Halaber, Euskaraldia herritarrak batzeko gai izan dela nabarmendu du. "Urte guztian, elkarri bizkarra emanda egon garen herritarrak elkarlanean aritu gara Euskaraldiaren alde. Euskara izan da elkarlanerako zubia", adierazi du.
Amaitzeko, Elena Lakak esan du hizkuntza ohiturak aldatzeko bidea zein den erakutsi duela Euskaraldiak.
Horrenbestez, ekimenari jarraipena emateko deia egin du. "Bide berri baten hasiera da Euskaraldia. Inflexio-puntu batera iritsi ginen, norabide berria behar genuen, eta aurretik bide luzea dugu egiteko. Egin dezagun bide hori elkarrekin", esan du.