Itxi

ETXEGABETZEAK

Barakaldon ama bat eta 32 urteko semea berehala kaleratuko dituztela salatu dute

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Leer en Castellano

Berri-Otxoak plataformak adierazi duenez, emakume bat eta haren 32 urteko semea langabezian daude biak, eta ezin diote alokairuari aurre egin. Ez dute Udaleko gizarte zerbitzuen laguntzarik jaso.

Berri-Otxoak gizarte bazterketaren aurka eta gizarte eskubideen aldeko plataformak salatu duenez, 59 urteko emakume bat eta haren 32 urteko semea kaleratuko dituzte laster Barakaldon, alokairua ezin ordainduta baitaude. Atzo, astelehena, plataformako kideek elkarretaratzea egin zuten Barakaldoko udaletxearen aurrean.

Plataformak ohar batean azaldu duenez, ama-semeak langabezian daude, eta ez dute Barakaldoko Udaleko gizarte zerbitzuen laguntzarik jaso. Kaleratzeko aginduak abenduaren 11ko data du.

2013an Eusko Jaurlaritzak, Eudelek eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak kaleratzeen inguruan adostutako protokoloa aplikatzea eskatu du Berri-Otxoak plataformak. Izan ere, horren arabera, kaleratze bat pairatzeko arriskuan dauden familien inguruko txostenak eskatu behar dira.

Berri-Otxoak plataformak emandako datuen arabera, astero 4 familia etxegabetzen dituzte Barakaldon. Urtebetean Bizkaiko herri horretan etxetik kaleratu dituzten herritarren % 82 alokairuan zeuden.