Itxi

BIZKAIA

Apaiz batek Bizkaian adin txikikoei sexu abusuak egin dizkiela salatu dute

EITB.EUS

Leer en Castellano

Gertaeren berri izan ostean, Elizak zeregin eta ekintza publiko guztietatik aldendu du, eta Fiskaltzaren esku utzi du gertakarien ikerketa.

Bilboko Gotzaitegiak eskaut taldeekin lanean ari zen abade bat bere zereginetatik kendu du, adin txikiekin "portaera sexual desegokiak eduki dituelakoan". Barne ikerketa egin ostean, ikertutako gertaerak Fiskaltzaren esku utzi ditu.

Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduak eta Bilboko Gotzaitegiak elkarrekin plazaratutako ohar batean jakinarazi dutenez, eskaut mugimenduak azaroaren 1ean izan zuen abade batek aisialdiko heziketen testuinguruan ustez egindako sexu abusuen berri. Azaroaren 26an, eskaut mugimendua Mario Iceta Bilboko gotzainarekin elkartu zen, salaketen berri emateko.

Biharamunean, gotzainaren aginduz, aldez aurreko ikerketa prozesua abiatu zuen Elizak, eta salatutako abadea bere zeregin eta ekintza publiko guztietatik kendu zuen, "betiere dagokion errugabetasun presuntzioa errespetatuz".

Aldez aurreko ikerketa abenduaren 5ean amaitu zen, eta hurrengo egunean Fedearen Dotrinarako Kongregazioaren esku utzi zituen dokumentu guztiak. Abenduaren 7an, ostera, ikertutako gertakariak Fiskaltzaren esku utzi zituen.

Bilboko Gotzaitegiak eta Euskalerriko Euskautak Bizkaia mugimenduak sexu askatasunaren aurkako portaera oro irmo salatu dute, eta, aldi berean, behar den guztietan agintari zibilekin kolaboratzeko prest agertu dira.

Biktimen eta horien familien ondoan egoteko nahia agertzeaz gain, profesionalen sostengua eta laguntza ere eskaini diete.

Bestalde, Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduak bere taldeek zein begiraleek neska-mutilen hazkuntza pertsonal integralean egiten duten lana nabarmendu du. Aldi berean, bere ekintzetan zein gizartean horrelako gertakariak prebenitzeko eta desagerrarazteko lanean jarraitzeko konpromisoa agertu du.

Salaketen inguruan galdetuta Euskalerriko Eskautak Bizkaia mugimenduak eitb.eus-i jakinarazi dionez, Bilboko Gotzaitegiarekin zabaldutako oharraz gain, oraingoz ez dute gai horri buruz bestelako xehetasunik emango.

Bideoak (1)