Itxi

Scout

Apaiz batek adingabeei ustez egindako sexu-abusuak ikertuko ditu Bizkaiko Fiskaltzak

Agentziak | Erredakzioa

Leer en Castellano

Ana Barrilero Yarnoz Bizkaiko fiskalburuak baieztatu duenez, Bilboko Apezpikutzak gertakarien berri eman ondoren “ikerbidea hasi dute; ikerketaren hasiera fasean daude”.

Artxiboko irudia: EiTB

Bilboko Apezpikutzak eta Bizkaiko 'scout' mugimenduak presbitero bat (mezarik ematen ez duen apaiza) baztertu dute. Fiskaltzak ikerbidea hasi du, “sexu askatasunaren aurkako jokabide desegokiak” egotzita.

Ana Barrilero Yarnoz Bizkaiko fiskalburuak baieztatu duenez, Apezpikutzak gertakarien berri eman ondoren “ikerbidea hasi dute; ikerketaren hasiera fasean daude”.

Gotzaintzak agiri batean gaur jakitera eman duenez, Euskalerriko Eskautak Bizkaiak azaroaren 1ean jaso zuen abisua.

'Scout' elkarteak Mario Iceta Bilboko gotzainari gertakarien berri eman zion azaroaren 26an, eta egun bat geroago presbiteroa baztertu eta barne ikerketa bat martxan jarri zuen. Barne ikerketa iragan asteazkenean amaitu zuten.

Ikerketaren txostena Fedearen Doktrinarako Kongregazioari igorri zioten iragan ostegunean, eta ostiralean Fiskaltzari auziaren berri eman zioten.

Pertsonen sexu askatasunaren aurkako edozein jokabide “irmo” gaitzetsi dute Bilboko Elizbarrutiak eta 'scout' mugimenduak, eta biktimei zein familiei elkartasuna adierazi diete. Era berean, profesionalen laguntza eskaini diete.

Presbitero gehienen “lana” eta eredugarritasuna nabarmendu ditu Elizbarrutiak. Hala ere, prebentzio, laguntza eta hezkuntza neurriak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, “presbiteroen izen ona ez zikintzeko”.

Euskalerriko Eskautak Bizkaiak konpromiso bera agertu du. Adin txikikoen eta gazteen hezkuntzan, lantaldeek eta monitoreek egiten duten lana goraipatu du elkarteak.

Albisteak (1)