EHU
EHUren Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria 2024-2025ean jarriko dute martxan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Basurtuko Ospitalaren alboan eraikiko da fakultate berria. 52,12 milioi euro bideratuko dituzte inbertsio horretara.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultate berria 2024-2025 ikasturtean jarriko dute martxan, Bilbon. Basurtuko Ospitalearen aldamenean eraikiko dute zentro berria, eta 32.000 metro koadroko azalera izango du.
Gaur aurkeztu dute proiektua hedabideen aurrean Nekane Balluerka EHUko errektoreak eta Cristina Uriarte eta Jon Darpon Hezkuntza eta Osasun sailburuek, hurrenez hurren. Denek nabarmendu dutenez, lau dira egitasmoaren helburu nagusiak: "Euskarazko nahiz gaztelaniazko formazio-eskaintza hedatzea, Osasun Zientzietako goi mailako formazioan eta ikerketan sakontzea, ezagutzaren sormena eta transferentzia sustatzea, eta osasun sektorearekin lankidetza estuan aritzea".
52,12 milioi euroko kostua izango du egitasmoak. Horietatik ia 45 milioi Eusko Jaurlaritzak ipiniko ditu, eta eraikina jasotzera zuzenduko dira. EHUk gainerako 7 milioi euroen kudeaketa hartuko du bere gain, altzari eta ekipamenduak, lanen gainbegiratzea, lizentziak zein tasak ordaintzeko", zehaztu du Jaurlaritzak
Egun Leioako campusean eskaintzen dituzten lau gradutik hiru lekualdatuko dituzte eraikin berrira: Medikuntza, Fisioterapia eta Erizaintza graduak, hain zuzen.
Osasun Zientzien arloko sei master ofizialen irakaskuntza ere hartuko du Basurtuko fakultateak: Farmakologia, Medikamenduen Garapena, Balioespena eta Erabilera Arrazionala, Ingeniaritza Biomedikoa, Ikerketa Biomedikoa, Mikrobiologia eta Osasuna, Neurozientziak, eta Osasun Publikoko Unibertsitate masterrak.
"Eusko Jaurlaritzak Euskadirentzat beharrezko den azpiegitura baten aldeko erabateko apustua egiten du, osasun arloan diharduten egungo eta etorkizuneko profesionalen arteko belaunaldi-aldaketa bermatuko duen azpiegitura", gaineratu du Gasteizko Gobernuak.